Tresna pertsonalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Joseba Villarreal
Joseba Villarreal

CONFEBASK ere ordezkatzen duen Rosellek lan eskubideen murrizketa gehiago eskatzen ditu

2015/10/28
Patronala asezina dela behin eta berriz esan dugu eta oraingo honetan ere berdina errepikatu beharrean gaude: CEOErentzat beti da une aproposa langileen lan baldintzak eta enpresarioen lan kostuen murrizketa aldarrikatzeko.

Dagoeneko martxan jarri dira, inoiz geldirik egon badira, Abenduaren 20an Estatu Espainiarreko hauteskundetan garaile aterako denari, Patronalaren Errege Mago partikularrak bailiran beraien gutunak eta mezuak helaraziz, kontuz, normalean hauei eskatutakoa edo gehiago ekartzen baitie.

Berdin dio ekonomia “hazkunde garaian” edo krisialdian dagoen, CEOEren errezeta beti berdina da: lan baldintza eskaxagoak eta eskubide gutxiago langileentzat; ahal izango balitz, eskubiderik ere ez. Ezin dugu ahaztu CONFEBASK eta bere lurraldetako erakundeak, ADEGI, SEA eta CEBEK, CEOEren partaide diren neurrian, Rosellek egiten dituen aldarrikapenak babesten dituztela, Diaz Ferranek (kartzelan dagoen CEOEeko Presidente izandakoa) egiten zituenak babesten zituzten bezalaxe. Kasu honetan “txapela” izateak ez du izaera propiorik ematen, gehiago esango nuke, Madriletik datozen neurri atzerakoi guztiak gogo onez jasotzen dituzte, behar edo nahi dutenean ñabardurarik gabe aplikatzeko. Honetan ere lehengo lepotik burua.

2012.urtean Rajoyk onartu zuen lan erreforma gutxi balitz, azken urte hauetan milaka enpresetan egindako kaleratze eta mehatxu gutziak gutxi balira, oraingo honetan, berriro ere, Rosellek langile finkoek dauzkaten eskubideak murriztea eskatzen dio Madrilen aginduko duen Gobernu berriari. Aldi baterako langileekin dauzkaten ezberdintasunak berdintze aldera, “hobetoen” daudenak okerrago egotea proposatzen du, CONFEBASK ere ordezkatzen duen Rosell jaunak.

Badira urteak Patronalaren ordezkaritzak lotsa galdu zuela. Berdin zaie zer esan eta nola, berdin zaie Gibelaldek (ADEGI) esan bezala gure gazteak Txina edo Indiara begira jartzea edo orain gutxira arte Circulo de Empresarioseko arduradun nagusia izan den Monica de Oriolek ahoa irekitzen zuen bakoitzean botatzen zituenak botatzea ( adibidez haurrak izateko adinean dauden emakumeak ez lituzkela kontratatuko). Lotsa gutxi behar da, baina lasaitasun osoz aritzen dira, jakin badakite beraien eskariak kontuan hartuko dituztela. Gobernu ezberdinak aspalditik ari dira jokatzen Patronalaren azpikontrata bezala, besteak ez bezela lan baldintzak duinak dauzkaten azpikontrata, baina azken finean azpikontrata.