Tresna pertsonalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Joseba Villarreal
Joseba Villarreal

Confebask? Lehengo lepotik burua: prekarietatea, malgutasuna eta inposizioa

2016/01/26
Confebaskeko buru Roberto Larrañagak patronalaren helburuak urte berrirako azaldu ditu bere blogean; eta, bestela ezin denez, betiko ildotik jarraitu nahi du ―beste hitz batzuk erabiliz― prekarizazioa eta malgutasuna hedatzen, bortxaz ezartzen, araugabetzen eta, nola ez ba, sindikatuak baztertzen, batez ere ELA.

Bere artikuluan zehar jorratzen dituen gaien artean hauek daude: gauzak egiteko modu berriak, lan-harremanetan izan den aldaketa sakona, enpresa-eredu berriak, azken 30 urteotako aldaketak ekonomian eta enpresan, eta badela garaia, beti elkarri aurre egiten ibili beharrean, lankidetzan eta elkarrenganako konfiantzaz aritzeko. Horiek horrela izanik, berak dioenez zenbait euskal sindikatutako zuzendaritzek ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dute edo, zuzenean, horrelako proposamenei uko egiten diete.

Bada, bai, Larrañaga jauna, zuzen zabiltza; baina ELAn, zer gertatzen den badakigulako, hain zuzen, uko egiten diogu zure “proposamen okerrari”; zeren zuk diozunaren atzean helburu bat baino ez dago: prekarizazioa, malgutasuna eta inposizioa hedatzen jarraitzea, orain arte bezala baina “1 urtea” mozorroarekin.

Guk bai 1 urtean egon nahi genukeela, baina ondo baino hobeto dakigu 2016. urtean bizi garela, eta ezin dira ahantzi azken urteotan jasandako erasoak (lan-baldintzak, bermeak, eskubideak, lan-erreformak, pentsio-erreformak eta abar luze bat). Era berean, ez dira ahaztekoak enpresek egindako milaka kaleratzeak, mehatxuak eta xantaiak.

Gainera, zalantzarik ere ez dugu egiten zure proposamenaren gaiztotasunaz. Zuek, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango duzuelakoan zaudete, elite ekonomiko eta enpresarialen lagunkide fidel eta leiala baita; baina ez bilatu ELAren sostengua, ez baituzue sekula aurkituko. Zuekin borrokan egingo dugu topo, gure aldetik argi dago.