CONFEBASKek Euskaldunan egindako akelarrearen inguruan…

2016/04/20
Joan den astelehenez, apirilak 18, CONFEBASKek enpresarioen bilera deitu zuen Bilboko Euskalduna jauregian; bertan etorkizunerako enpresan lan harremanen eredua aurkeztea omen zuten helburu. 400 enpresario eta, nola ez, Arantza Tapia Sailburua bildu ziren bertan.

Lehenengo eta behin ekitaldi horri emandako oihartzun mediatikoa azpimarratu nahiko nuke: informatiboak, irratietan elkarrizketa eta tertulietarako gaia eta, noski, prentsa idatzian orrialde kopuru dexentea. Bistan da herri honetako komunikabideek, gehienek batzuei eta besteoi ematen diguten tratamendu ezberdina, apirilaren 8an La Casillan ELAk 3.400 pertsona elkartu zituen ekitaldiak apenas izan zuen oihartzunik. Hau ez da kasualitatea, sistemaren aurka gaudenon ahotsa, ekintzak eta proposamenak ezkutatu nahi dira, berdintsua gertatzen da komunikabide publiko zein pribatuetan, hemen ere salbuespen gutxi daudelarik. Lotsagarria iruditzen zait komunikabide publikoetaz Eusko Jaurlaritzak egiten duen erabilpen eta manipulazioa.

Oraindik ere deigarriagoa da oihartzun hau esandakoari begiratzen badiogu, CONFEBASKek egindako gogoeta eta adierazpenak azken urte hauetan ADEGIk lau haizetara hedatu dituen berberak baitira: kolaborazioa, inplikazioa, gardentasuna, parte hartzea, egonkortasuna, kualifikazioa, soldaten ekitatea, aldaketa generazioanala, gazteen inkorporazioa eta -bingo!- malgutasuna. Hitz dotore hauek jarraian aipatuz gero ez dago horren kontra egoterik; beste gauza bat da hitzetatik ekintzetara pasatzea, patronalak atzo azaldu zuenak eta enpresetan langileok eta hauen ordezkariok bizi dugun egoerak ez du zerikusirik hitz ponpoxo guzti hauekin. Bi mundu ezberdin dira.

Ezin zen falta salaketa: oraingoan ere Patronalak honelako akelarre publikoak erabiltzen ditu traba egiten dioten elementuak edo eragileak identifikatzeko, markatzeko, erasotzeko, bistan geratu da beste behin ere sindikatuak hori garela patronalarentzat, gutxienez, Roberto Larrañagak esan zuen bezala. “(…) sobre todo con la confronatción permanente a la que se suman en Euskadi algunos sindicatos”.

Bestalde, aipatu nahiko nuke akelarre honetatik ez dugula gaur egungo lan merkatuan pil pilean dauden arazoen inguruko irakurketarik entzun: prekaritatea, miseriazko soldatak, lanaldi partzialen hedatzea, genero diskriminazioak, lan istripuak, kaleratzeak, enpresa itixierak, multinazionalen jokabidea… Badirudi guzti hauek akelarre horretan egon ez ginenok sortzen dugula; badirudi hemengo enpresetan ez dagoela honelako jokabiderik. Lotsagarria eta oso kezkatzekoa patronalaren jarrera, gehiengo zabal bat sufritzen ari den bitartean beraiek marketinari jo ta fuego.

Eta honen aurrean Eusko Jaurlaritzak zer? Asteazkenean El Correok jasotzen zuen bezala, “el gobierno acoge con prudencia el modelo laboral de la patronal vasca”. Badakigu batez ere ADEGIren hooligana den Arantza Tapia bertan egon zela, nola ez, eta badakigu ere besteok proposamenak egiten ditugunean ez dutela gurekiko hain “zuhur” jokatzen, baina zer egingo diogu, Urkulluren gobernu honek hasiera-hasieratik garbi utzi zuen norekin dagoen eta norekin ez....

Guk garbi daukagu norekin konta dezakegun eta norekin ez. Gurea lan mundua antolatzea da, lantokietan indar-erlazioa haunditzea. Ez gaude gaur egun sufritzen ari garen arazo guztiak konpondu gabe etorkizunera begiratzeko, beti gertatu izan den bezala, konfrontaziorako daukagun ahalmenak baldintzatuko ditu etorkizuneko lan harremanak, zalantzarik gabe.