ELA, negoziatzeko borondatea eta piratak

2016/07/29
Orain dela egun batzuk Eduardo Aretxaga Confebask-eko idazkari nagusiak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batetan ELAren inguruan hurrengo hau esan zuen: “cuando no hay voluntad ni de sentarse y cuando a la contraparte nos llama piratas, es bastante dificil”.

Aretxaga jaunak ondotxo daki ELAk negoziazio-mahai guztietan hartzen duela parte eta inork baino hobeto daki ere ELAri bilera eskatzen dion edonork badakiela biltzeko arazorik ez dela izango, baina gauza bat da biltzea, eta bestea, ados egotea. Confebaskeko zuzendaritzarekin egindako azken bileran horrrela onartu zuten beraiek ere, gurekin hitzegin daitekeela eta gainera gure posizioak garbi azaltzen ditugula; beste kontu bat da gero ados gauden ala ez. Beraz, mitoa alde batera uzteko ordua badela uste dugu. ELAren isolamendu egoera zabaldu nahi dute lau haizetara, mila aldiz esandako gezurra egia bihurtzeko asmoz.

Egia ordea beste bat da, hau garbi uzteko gaur dauzkagun gatazka batzuen inguruko datu batzuk ematera noa hurrengo lerroetan.

Gipuzkoako errepidetako langileek martxoaren 1etik daramate greba mugagabean, eta gezurra badirudi ere ez dugu lortzen mahaiaren bestaldean inor esertzerik lortu. Apirilaren 22an egin genuen dei bat Gipuzkoako Foru Aldundira, eta oraindik emaitzarik ez; ekainaren 10ean idatziz pasa genien akordiorako gure proposamena, eta oraindik erantzunik ez. Beraz, nork ez dauka negoziatzeko borondaterik?

Trapagako kale garbiketako langileak apirilaren 4tik egon dira greban; nahiz eta enpresarekin akordioa lortu, udalak ez dio enpresari negoziatzeko baimenik ematen. Udalak ez du akordiorik nahi eta langile eta enpresaren arteko akordioa ez du ontzat ematen. Beraz, nork ez dauka negoziatzeko borondaterik?

TMBko langileak apirilaren 4tik daude greban, Garbiker enpresa publikoak kudeatzen duen instalazio publiko honetan ere ez dugu lortzen Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritzarekin eseritzea. Ez dute arazoa konpontzeko inolako borondaterik; beraz, nork ez dauka negoziatzeko borondaterik?

Ikus dezagun Arte Ederretako Museoan gertatutakoa: 45 egunez greban eta museoaren jabeak diren Eusko Jaurlaritza, BFA eta Bilboko udalarekin bilerarik gabe egon ondoren, administrazioen ordezkariak mahaian eseri zirenean 3 ordutan lansariak bikoizten zituen akordioa egina zegoen. Beraz, nork ez dauka negoziatzeko borondaterik?

Horrelako beste hainbat adibiderekin jarraitu nezake, baina piraten gaiari heldu nahiko nioke jarraian. Aretxaga jaunak jakin badaki, Confebaskekin egin genuen bileran esan genielako -ELAk beste batzuk ez bezala bileretan eta publikoki berdina esaten du- piratak lan baldintzak behera botatzea eta prekaritatea areagotzeko helburuz aritzen direnak direla. Garbi esan genien enpresari guztiak ez direla piratak, baina nola kalifikatuko lituzke Aretxaga jaunak legeak markatzen dituen minimoak, oso minimoak, ere betetzeko prest ez dauden enpresariak? Nola definituko lituzke hitzarmenak betetzen ez dituztenak, edo autonomo faltsuak erabiltzen dituztenak, edo langileen segurtasuna bermatzen dituen oinarrizko baliabiderik jartzen ez dituztenak, edo langileen eskubideak zapuztuz adjudikazio publikoak eskuratzen dituzten enpresariak?

Bada ordua zintzo jokatzeko. ELAk langileen bizi baldintzak hobetzea du helburu, eta tamalez, gaur egun hori egiteko ezinbestekoak dira antolakuntza eta gatazka; gatazka luzeak, gainera, baina ez ELAren helburua hori delako, patronalak negoziaziorako borondaterik ez daukalako baizik; beharrik ikusten ez duelako, legeak eta gobernuek babes osoa eskaintzen diotelarik.