ELAk ez du bere estrategia aldatu, ezta aldatuko ere, gauzak bere hortan dauden artean

2016/12/01
Azaroaren 30ean Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) izandako bilerari buruz atera diren informazio ezberdinen inguruan gogoeta orokor bat egin nahiko nuke, lehenengo eta behin argi utziz balizko Sektorearteko Akordioak ez duela berez ekarriko Hitzarmen Sektorialen desblokeoa. Sektorearteko Akordioarekin bilatzen den bakarra hemengo hitzarmenak Madrilgo hitzarmenen gainetik jartzea da.

Denetik entzun eta irakurri dugu egun hauetan: Bilera historikoa”; “Cumbre en el CRL”; “ELA ha pasado de la confrontación permanente a la negociación expectante”; “El blindaje de los convenios vascos descongela el diálogo social en Euskadi”, edo editorial batean irakurri genuen bezala “Por otra parte, algunas estrategias sindicales también aportaron su granito de arena al priorizar los convenios de empresa y abandonar los convenios sectoriales. Ahora se empeñan en destacar que el paso dado es una renuncia de la patronal”...

ELAk 2011. urtetik hona diskurtso eta praktika berdinari eutsi dio: batetik, Zapatero eta Rajoyren erreformek eragindako aldaketak irakurri ondoren ondorioak atera, eta bestetik, hauei aurre egiteko alternatibak bilatu eta aurkitu. ELAk hasieratik esan du erreforma hauei aurre egiteko biderik zuzenena enpresa hitzarmenak direla, legeak horrela dioelako, baina garbi esan dugu ere sektore guztiak ez direla berdinak eta sektore bakoitzean alternatiba lotesleak aurkitzen saiatuko ginela. Gauzak horrela, ELAk 2013.etik hona 25 hitzarmen sektorialetik gora eta 400 enpresa hitzarmen baino gehiago sinatu ditu. Gezur bat hamaika aldiz idatzi edo esateak ez du egia bihurtzen: ELAk ez dio inoiz negoziazio sektorialari uko egin, eta ez dio egingo.

Sektorearteko Akordioaren inguruan patronala da bere posizioa aldatu duena. 2011. urtean, Zapateroren erreforma ondoren eta Rajoyren erreformaren aurretik, bilera batean patronalak ELAri galdetu zion ea gauzak erreforma aurretik zeuden bezala mantenduko zituen akordio interprofesional bat sinatuko lukeen. ELAk bere prestasuna azaldu ondoren testu bat pasatzeko eskatu zion patronalari. Bi hilabete beranduago izan zen bilera batean, artean testurik gabe, Confebaskek argi esan zigun aurreko bileran esandakoa ez zela nahikoa, eta beraien lurralde-erakundeek akordio hori sinatzearen truke bake soziala nahi zutela (hitzarmenen desblokeoa beraien baldintzetan, derrigorrezko arbitrajea...). Ondoren gainontzeko sindikatuekin egindako bi negoziazio ekimenetan ere patronalak ez zuen akordiorako borondaterik azaldu, eta bietan akordioa zapuztu zuen: 2011an LAB, CCOO eta UGTrekin, eta 2013.eko uztailaren 5ean Lehendakari berarekin. Lehendakariari behatza altxa zioten. Gauzak gai honen inguruan horrela izan dira; gauzak nahi bezala ezin dira kontatu.

Azken hilabete honetan, gure iritzian patronalari konpetentzia azaltzen hasi zaiolako (EAE mailan Garen plazaratu zen orain urtebete), nobedadea izan dugu. Confebaskek bere txiringitoa mantendu nahi du, eta horregatik ez du nahi lurralde esparrua gainditzen duen beste patronalik. Confebaskek ez du inorekin konpartitu nahi orain arte monopolioan daukana: negoziazio kolektiborako edukiak, erakundeekiko harremana eta, nola ez, Eusko Jaurlaritzarengandik jasotzen duen finantzazioa.

Confebaskek oihaneko erregea izaten jarraitu nahi du; ez du bidelagunik nahi. Gai honetan ere ELAk garbi azaldu du azken urteetan ezinbestekoa dela patronalaren ordezkaritza akreditatzeko sistema edo prozedura fidagarri, garden eta publikoa. Sistema hau antolatzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta ez lioke bere ardurari uko egin beharko; onartezina da aurreko legealdian Legebiltzarrean Toñak esan zuen bezala “patronalak nor ordezkatzen duen” ez jakitea. Lotsagarria. Konfrontazioari dagokionez, ELAn garbi daukagu beste biderik ez zaigula geratzen, patronalak eta erakunde publikoek ez digute beste irtenbiderik uzten, ez dute langileen lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik; prekaritatea eta miseria hedatzea da beraien helburu nagusia, langileok etekinak areagotzeko beharrezkoak diren baliabide moduan tratatzen gaituzte. Gogoratu, bestela, irekita dauzkagun gatazkak: Gipuzkoako errepideen mantentze-lanak (9 hilabete pasatxo greban), Kaiku KM0 (6 hilabete greban), Bizkaiko erresidentzietako emakumeak (dagoeneko 50 egunetik gora eta beste 15 egun deituak), Sondika eta Zamudioko lorezainak (3 hilabete greban)... eta beste hainbat gatazka lan zentru eta sektoretan. ELA gatazka guztietan dago, eta kasu gehiegitan bakarrik gainera: konfrontaziorik gabe ez dago aurrerapausorik; hau ikusi eta onartzen ez duen sindikatuak kale egingo dio langileriari.

Ezinezkoa da titular handi eta potoloetan gertatzen ari dena azaltzea; egunerokotasuna ñabarduraz josia dago, baina errealitatea egunerokotasunean ematen da. Beraz, jarrai dezatela titularretara jokatzen, besteok bitartean geureari eusten jarraituko dugu, herri honetan langileen bizi baldintzak hobetzeko borrokari, alegia.