Tresna pertsonalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Joseba Villarreal
Joseba Villarreal

Herriak sinatu du, eta zuek?

2015/06/17
Hauxe da Gasteizeko Legebiltzarrreko EAJ, UPyD eta PPri luzatu nahi diegun galdera. Oraingoan ere aukera galduko al dugu benetan akordio garrantzitsu bat egiteko? Zuen erabaki politikoaren menpe milaka ta milaka langile daude, gehienak emakumeak. Dagoeneko ez dago aitzakirik, borondate politiko kontua dela bistan da.

Goazen historia pixka bat egitera. 2013.eko urriaren 29an onartzen da tramitera ELAk aurkezturiko Herritar Ekimen Legegilea. Ekimen honek 110.000 herritarren sinadura bildu zituen, eta hala ere txiripaz pasa zuen tramiterako bozketa. Bozketan 38 parlamentarik baietz (EH BILDU, PSE, UPyD) eta 37 abstentzio (EAJ eta PP).

Trabaz beteriko HELa izaten ari da. Gobernuak informe negatiboa egin zuen; Bizkaiko Foru Aldundiak eskuduntzen inguruko gatazka jarri zuen Batzorde Arbitralaren aurrean; prozesuaren suspensioa; emendakinen epeak luzatu egin dira; eta ia bi urte beranduago hemen gaude

Horrenbeste traba ondoren bidea garbi dago. Batzorde Arbitralak garbi esan zuen eskuduntza arazorik ez dagoela eta Parlamentuak badaukala horrelako ekimen legegile bat aurrera eramateko behar besteko eskuduntza. Beste era batera esanda, borondate politiko kontua dela. Parlamentuko alderdiek beraien eskuetan dute erabakia. Ados gaude milaka eta milaka langileei, hauetariko asko eta asko emakumeak, beraien lan baldintzak ikaragarri hobetzen laguntzeko erabakiak hartzeko? Ados gaude diru publikoarekin ordaintzen diren azpikontrataturiko zerbitzuen gaineko erantzukizuna administrazioena dela? Ados gaude diru publikoarekin eta langileen lan baldintzen kontura negozioa egitea ez dagoela ondo, ez dela bidezkoa? Esango genuke ere gaizki dagoela eta jarrera zintzoa ez dela?

Finean hiru gauza nagusi aldarrikatzen dira HEL honetan: subrogazioa (langile batek bere lanpostua eta baldintzak mantentzea azpikontratatutako enpresa aldatzen bada ere), hemengo lan hitzarmenak aplikatu eta bi oinarri hauek betetzen ez dituen enpresari santzioak jartzeko ahalmena. Zentzuzko aldarrikapenak hirurak ere, baldintza minimoak beharko luketenak izan aspalditik.