Herramientas Personales

Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Leire Txakartegi
Leire Txakartegi

Gure osasunak gehiago balio du

27/04/2016
Aurtengo apirilak 28an, lan osasun eta segurtasunaren nazioarteko egunean, prekarietatearen aurka burutzen ari garen kanpainaren baitan beste mugarri bat jarriko dugu.

Halaxe da; behin eta berriz gogoratu behar izaten dugu lan ezbeharren eta gaixotasunen oinarrian dagoen arazoa prekarietatea dela nagusiki, eta gauza jakina da azken urte hauetan prekarietatea lan esparru guztietara hedatu dela.

Lan istripu eta gaixotasunak ez dira zorigaitzaren edo kasualitatearen emaitza. Horien atzean lan osasun eta enplegu politika antzuak, gai honetara bideratutako aurrekontuetan murrizketak eta enpresarien aldetik oraindik ere preben-tzioari ematen zaion garrantzi eza daude, besteak beste.

2015ean lan istripuen kopuruak gora egin zuen eta luzeagoa izan zen lanean hil zirenen zerrenda ere. Aurten ere bide beretik goaz. Lan gaixotasunetan ez dakigu benetan zer gertatzen ari den ere, publiko egiten diren datuak errealitatearen zati txiki bat baino ez baitute islatzen. Aurreko urteetako beheranzko joerarekiko aldaketa suposatzen dute datu hauek.

Normala? Eta zein da gure gobernuetako lan osasun arduradunek gertatzen ari denari buruz ematen duten azalpena? Beste hitz batzuekin esanda, lan ezbeharrak gehitzea gauza “normala” dela, jarduera ekonomikoa eta enplegua hazi egin direlako. 

Hemerotekara jotzen badugu, argudio hauek ez daukate zerikusirik aurreko urteetako lan istripu eta gaixotasunen jai-tsieraren aurrean esaten zutenarekin. Orduan meritua garatzen ari ziren lan osasun politika arrakastatsuena zen. Datu hobeak ez ziren enplegu suntsipenaren ondorio naturala. 

Jarduera ekonomikoa hobetzeak eta enplegua sortzeak ez lukete berez lan ezbeharren eta gaixotasunen igoerarik ekarri beharko, kalitatezko enplegua izango balitz eta prebentzio arauak behar bezala beteko balira. Arazoa gure lan merkatuan egiturazkoa bihurtzen ari den prekarietatea da, arestian aipatu bezala. Lan eskubide oinarrizkoak urratzen direnean zaila da osasunaren zaintzari eta segurtasunari lehentasuna ematea eta horretarako neurriak aldarrikatzea. Prekarietatean dagoen langilearen osasunak ez dauka babesik.

Arazoa begi-bistakoa da, baina euskal administrazioak beste alde batera begiratzen ari dira, gutxi batzuen irabaziak bermatzeko gehiengoarentzat pobrezia dakarkiguten politiken alde egiten ari baitira, honek langileon osasunean ondorio larriak baditu ere. Izan ere, lan ezbeharren aurka eta kalitatezko enpleguaren alde egiteko patronalaren interesen kontra doazen politika eta neurriak hartu beharko lituzkete, baina ur sakon horietan ez sartzea erabakita daukate.

Antolakuntza eta borroka. Baina gobernuen eraginkortasunik ezaren eta utzikeriaren aurrean hona hemen gure aldarria: gure osasunak eta bizitzak gehiago balio dutelako, gai honetan ere antolakuntza eta borroka sindikala behar-beharrezkoak dira kalitatezko enplegua aldarrikatzeko, prebentzio arauak betearazteko eta enpresarien arau-hausteak salatzeko, besteak beste. 

Antolakuntza kolektiboa da prekarietate egoeran dagoen norbanakoaren babesgabetasuna gainditzeko bidea. Apirilaren 28an ozen esango dugu horixe dela baita ere lanean gure osasuna zaintzeko eskura daukagun tresnarik eraginkorrena!