Falciani zerrenda eta Hego Euskal Herriko Ogasunak

2015/03/21
Herve Falcianik, Genevako HSBC bankuko informatika-teknikariak, bankuan kontuak zituztenei buruzko argibideak bildu zituen 2006 eta 2008 urte bitartean.

Informazioa Suitzako agintariei ematen saiatu zen, Europako Batasuneko milaka pertsonak eta enpresak iruzur fiskala egitearen ebidentziak zeudelakoan. Suitzak ez zion jaramonik egin, eta Falcianik Frantziara ihes egin zuen. 2009. urtean eskuratu zuen zerrenda Frantziako gobernuak, eta 130.000 ustezko iruzurgile zeuden, haietatik 24.000 Europako Batasunekoak.

Falciani zerrenda 2010eko hasieran pasatu zieten estatu espainoleko agintariei. Eta Espainiako Gobernuak, bere aldetik, helarazi zien Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru-ogasunei. 150etik gora EAEkoak ziren, eta Nafarroako kopuru zehatza ez da ezagutzen.

Ogasunek (bai estatu espainolean, bai Euskal Herrian) abantailazko tratua eman zieten zergak ordaindu ez zituztenei:

     *Aurreko lau urteetako zergak erregularizatzera behartu zituzten, besterik ez. PFEZ eta, izatekotan, Ondarearen gaineko Zerga. 

     *PFEZaren gainean izan zuen eragina interesak deklaratzea zen, eta zegokion gainkargua (benetan merkea). 

     *Zergen erregularizazio hori, gainera, “borondatez” egitea eskaini zieten, inolako ikuskapen fiskalik ireki gabe, zehapenik gabe, eta delitu fiskalik egin denik jo gabe. Horrez gain, HSBCk funts horiek bankuan lau urtez baino gehiagoz egonak zirela kasu guztietan esatea ontzat eman zen. Beraz, funts horien jatorria ez deklaratzeagatik egon zitekeen iruzurra preskribaturik zegoen.

Beraz, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunek izan zuten jokabidea immorala bezain ulerkorregia izan zen Suitzako kontu ezkutuetan zergak saihestu zituztenekiko. Ogasuneko ikuskarien sindikatuak errekurritu zituen estatuko ogasunaren jarraibideak, ikuskapen fiskalak irekitzeari uko egitekoak. Orain Madrilgo Audientzia ikertzen ari da, ea estatuko ogasuneko arduradunek delituzko jokabidea izan ote duten. Euskal Herrian, ostera, ez da ikuskapenik egin; nahiz eta euskal ogasunen jokabidea estatu espainolekoaren berbera izan. 

Baina mesedezko tratua ez da hor bukatu. Ogasunek Falciani zerrenda jaso zuten garaian, zilegi zen ezkutuko kapitalak azaleratzeko borondatezko aitorpenak egitea. Egoera merke-merke erregularizatzeko aukera zegoen. Eta hori gertatu zen. 2012an Espainiako Gobernuak amnistia fiskala onetsi zuen. Horren arabera, urte hartan zilegi zen kapitala azaleratzea, eta %10 ordaintzearen truke egoera erregularizatzea (HSBCren zerrendaren erregularizazioan ordaindu zena baino gehiago). Neurri hura arrazoi osoz kritikatu zen, iruzur fiskalari erabateko eskua ematea baitzen. Hain zuzen ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Nafarroako lehendakaria (Jose Luis Bilbao, Martin Garitano eta Yolanda Barcina) jendaurrean agertu ziren amnistia fiskal hori hemengo lurraldeetan ez zela aplikatuko aldarrikatzeko. 

Baina Montororen amnistia fiskalaren arabera —Araban ere aplikatu zena— 2012tik aurrera azaleratuko zen kapital oro azken urteotan sorturiko ondare-gehikuntzatzat hartuko zen. Hau da, Falciani zerrendakoa errepikatuz gero, kapital osoagatik ordaindu beharko ziren zergak, eta ez bakarrik interesengatik. Hori diote arauek estatu espainolean eta Araban. Hala ere, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan merkealdiko prezioan erregularizatzeko aukerari eutsi diote. Beraz, Euskal Herriko zatirik handienean aplikatzen den araua zabalagoa eta iruzurgileen aldekoagoa da.

HSBCren zerrendarekin gertaturikoa izozmendiaren tontorra baino ez da. Gobernuek itxurakeria handiz jokatzen dute. Haien laguntzarik gabe horrelako gauzak ez ziren gertatuko. Alternatibak eta neurri zehatzak badaude, ELAk bere azken fiskalitateari buruzko txostenean proposatzen dituenak bezalakoak, iluntzaletasuna eta paradisu fiskalak alboratzeko.

Estatu espainolean Zapatero gobernuak uko egin zion Falciani zerrendaren inguruan ikuskapen fiskalak egiteari. Nafarroan UPNk. Araban PP zegoen agintean. Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ zegoen (Gipuzkoan garai hartan Hamaikabatekin). Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako oraingo ogasunek (hurrenez hurren UPN, EAJ eta Bildu buru dutela) uko egin diote iruzurgileentzako trataera gogortzeari. Benetako orduan, argi dago erakundeek onarpen zabala erakusten dutela, eta horregatik ez dute gogoz bultzatzen iruzur fiskalaren aurkako borroka. ELAk borondate politiko irmoagoa eskatu izan du aspalditik, baina haren ezak distira egiten du. Iruzur fiskalak milaka milioi euro kentzen die euskal ogasunei. Horri bidea moztea lehentasunezkoa izan beharko litzateke. Iruzurgileei ematen zaien aparteko trataera kontrajarrita dago propaganda eta etengabeko mezuekin, iruzurra gizarte-prestazioen aurka doala diotenekin. Horren azpian dagoen asmo bakarra murrizketa berriak zuritzea da.

Falciani zerrendaren euskal izenak ez dira ezagutzera eman. Euskal ogasunen ohiko iluntzaletasunaren beste adibide bat da. Fiskalitatean zer gertatzen den ezkutatzeko interesa badago, gizartearen ereduaren gainean sortuko zen funtsezko eztabaida saihestearren. Ez da harritzekoa ate birakariak egotea, Euskal Herrian ere bai, enpresen, gobernuen (ogasun-sailak ere barne) eta patronalaren artean. Elkar babesten dute.