Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak 1.600 langile baino gehiagori eragiten dieten sententziak behartu dute Eusko Jaurlaritza 2010ean legez kontra murriztutako soldata bueltatzera
Albisteak

1.600 langile baino gehiagori eragiten dieten sententziak behartu dute Eusko Jaurlaritza 2010ean legez kontra murriztutako soldata bueltatzera

2017/01/10
Gaur Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia hanka motz geratzen da. Izan ere, legez kontrakoa izan zen erabakia erabat atzera botatzeko ezinbestekoa litzateke ez bakarrik 2015etik soldatak berrezartzea, baizik eta 2010etik murriztutako soldatak itzultzea. ELAk kalte-ordain erreklamazioak aurkeztu ditu ehunka langileren izenean.

2010. urtean Patxi Lopezen gobernuak %5eko murrizketa egin zien euskal sektore publikoko langile guztiei. EAEko herri-langileek mobilizazioekin eta egun bateko grebarekin erantzun zioten Eusko Jaurlaritzaren murrizketa hari.

Ia 6 urteko gatazkaren ostean, 2015eko uztailaren 31n, Konstituzio Auzitegiak konstituzio-aurkakotzat jo du EAEko enpresa publikoetako langileei egindako %5eko murrizketa (Auzitegi Gorenak, ETBren auzian, aurkezturiko konstituzio aurkakotasun-arazoaren ondorioz). Konstituzio Auzitegiaren ebazpenaren arabera, estatu-arauan (8/2010 ELD) langile-kidego hori murrizketatik kanpo utzi bazen ere, Patxi Lopezen gobernuak bere kabuz egin zuen murrizketa, estatu-legeria urratuz. Konstituzio Auzitegiaren epaiaren ondotik, Auzitegi Gorenak ETB kondenatu zuen 2010. urtetik langileei kendutako guztia itzultzera, eta soldata %5 murriztu gabe ordaintzera.

Konstituzio Auzitegiaren epaia eta guzti, Urkulluren gobernuak sozietate publikoetako langileei soldataren %5 murrizten jarraitu zuen. Hori dela-eta, sozietate publikoetako langileek auzitara jo behar izan zuten berriro, lansarietatik kendutako diru-kopuruak berreskuratzearren.

Hortaz, ELAk prozedura juridikoak abiarazi zituen murrizketaren eraginpeko enpresa publiko guztietan, soldatak lehengoratzeko eskatuz.

Euskal Enpresa Publikoetako 1.600 langile baino gehiagori arrazoia ematen dioten dozena bat sententzia baino gehiagoren ondoren, Eusko Jaurlaritzak soldata berrezarri beste aukerarik ez du izan.

Dena den, Auzitegi Konstituzionalaren epaiaz geroztik ( 2015eko uztailak 31) soldatak berrezartzeaz gain, enpresa publiko autonomikoetako langileei 2010-2015 urte bitartean murriztutako soldata itzultzea exijitzen dio ELAk Jaurlaritzari. Gogoratu behar dugu, ELAtik berariazko prozedura bat abiarazi genuela 2010 eta 2015 urte bitartean 370 euskal langileri baino gehiagori soldatetatik eta legez kontra kendutako diru-kopuruak erreklamatzeko kalte-ordain gisa eta Jaurlaritzak oraindik ez duela erreklamazio hau erantzun ere egin.

ELAk udal eta foru aldundi mailako enpresa publikoetan ere erreklamazioak aktibatu ditu, hauetan aplikatutako soldata murrizketa ere legez kontrakoa izan baitzen; Foru aldundi eta udaletxe desberdinei dei egiten diegu beraz, 2010etik aplikatutako soldata murrizketa atzera botatzeko.

Azkenik, ELAk bai Eusko Jaurlaritza bai gainerako Euskal Administrazio Publikoei eskatzen die 2010etik Euskal langile publiko guztiei aplikatutako soldata murrizketa atzera bota dezaten.

 

1.600 langile baino gehiagori eragiten dieten sententziak behartu dute Eusko Jaurlaritza 2010ean legez kontra murriztutako soldata bueltatzera