Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Abuztuan egindako kontratu ia guztiak aldi-baterakoak izan dira
Albisteak

Abuztuan egindako kontratu ia guztiak aldi-baterakoak izan dira

2016/09/02
2016ko abuztuan 182.043 pertsona langabezia egoeran izen emanda egon dira Hego Euskal Herrian, uztailan baino 943 gehiago. Joera ezberdina izan da bi erkidegoetan, Nafarroan 707 pertsonatan jaitsi baita langabezia eta EAEn 1.650tan igo.

Langabezian daudenen gehiengoa emakumeak dira (%55,6), langabezian dauden gizonak baino 20.473 emakume langabe gehiago daudelarik Hego Euskal Herrian. Egoera hau bi erkidegoetan ematen da, Nafarroan ezberdintasuna handiagoa bada ere (bertan langabe daudenen %57,9 emakumeak dira).

Abuztuan egindako kontratuak 90.752 izan dira, uztailean egindako 111.401en azpitik. Horietatik, ia guztiak aldi-baterako kontratuak izan dira: %94,6 zehazki. Azpimarratzekoa da Nafarroan aldi-baterakotasuna altuagoa dela (%95,7) EAEn baino (%94).

2016an zehar egindako kontratuen aldi-baterakotasuna ikuskatzean (Hego Euskal Herrian %93,5ekoa izaten ari da), abuztuan emandako aldi-baterakotasuna urteko altuenetakoa dela agerian dago.

Horretaz gain, abuztuko datuen arabera Hego Euskal Herrian 12.105 gazte langabe daude, hauen arteko sexu ezberdintasuna murritza bada ere. Hala eta guztiz ere, gazteek abuztuan pairatu duten aldi-baterakotasuna %96koa izan da, Nafarroan %97,2ra iritsi delarik (EAEn bi ehuneko gutxiago).

Langabeziagatiko prestazioei dagokienez, uztailean 76.572 lagunek jaso zituzten. Beste era batera esanda, langabezian zeudenen %42,3ak soilik jaso zuen prestazioren bat, gainerako %57,7 inolako babesik gabe geratu zirelarik.

EAEn egoera larriagoa da, langabeen %59,9ak ez baitzuen inolako prestaziorik jaso uztailean. Eta, are gehiago, prestazioetara bideratzen den diru kopuruak beherako joera jarraitzen du eta langabeko 418,39 eurotan kokatzen da jada.