Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Down Sindrome Fundazioko langileek grebari ekingo diote
Albisteak

Down Sindrome Fundazioko langileek grebari ekingo diote

2017/01/02
Jarduera-protokolo faltagatik, bidegabez kaleratu duten langile baten berrezartzea eskatzen dute, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoa den langileen kudeaketa egitea ere aldarrikatzen dute, Bizkaiko 400 famili-erabiltzaile baino gehiagoren mesederako

Gaur goizean, Down Sindrome Fundazioko langileek greba deialdia erregistratu dute Bizkaiko Eusko Jaurlaritzako Ordezkaritzan. Greba urtarrilaren 13an hasi eta 19 arte luzatuko da, nahiz eta luzeagoa izan daitekeen, bidean ezer adosten ez bada. Neurri hau, aurreko asteko ostiralean egindako Langileen Asanbladan erabaki zen, eta erabaki honen alde egin zuten langileen kopurua oso nabarmena izan zen.

Hau dela eta, Down Sindrome Fundazioko langileek, ELA eta LAB sindikatuek deituta, grebari ekingo diote, jarduera-protokolo faltagatik, bidegabez kaleratu duten langile bat berrezartzeko, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoa den langileen kudeaketa egitea aldarrikatzeko ere, Bizkaiko 400 famili-erabiltzaile baino gehiagoren mesederako. Bide batez, langileek prekaritatea, hitzarmen kolektiboaren ez betetzea, egutegiak ez izatea eta behin-behinekotasunaren igoera ere salatzen dute.

Down Sindrome eta beste adimen urritasun arloan lan egiten duen Fundazioa hau 1990an sortu zen. Diru-irabazi asmorik gabeko erakunde bat da eta bere lan esparru nagusia Bizkaian dagoen arren, erabiltzaileak Euskal Autonomia Erkidego guztian daude. Fundazioak 25 urte baino gehiagoko historia du, eta hau grebara deitu den lehen aldia da.