Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak EAEko negoziazio kolektiboari lehentasuna emango dion egiturazko Sektorearteko Akordioaren aldeko apustua berresten du ELAk
Albisteak

EAEko negoziazio kolektiboari lehentasuna emango dion egiturazko Sektorearteko Akordioaren aldeko apustua berresten du ELAk

2017/01/10
ELAk datozen egunetan aztertuko du gaur, urtarrilak 10, Euskal Autonomia-Erkidegoan (EAE) egiturazko Sektorearteko Akordioari buruz aurkeztu den agiria. Nolanahi ere, EAEko negoziazio kolektiboari lehentasuna emango dion egiturazko Sektorearteko Akordioaren aldeko apustua berresten du ELAk.

ELArentzat poztekoa da sei urte igaro badira ere Confebaskek iritzia aldatzea eta ez galdatzea geure aldetik enpresa eta sektoreetan balizko gatazkei uko egin diezaiegun, horren truke lehentasuna emateko EAEko lan-hitzarmenei, eta ez estatukoei. Aurkeztutako agiria medio probintzia edo autonomia mailako sektoreko lan-hitzarmenek, nahiz sinatuta dauden edo sina litezkeen Akordio Markoek, berme handiagoa izango lukete hitzarmen estatalen oldeari aurre egiteko. Balizko akordio bat eragozpen handiagoa izango litzateke Madrildik CEOE (beronen kide Confebask izanik), CCOO eta UGT bultzatzen ari diren negoziazio kolektiboaren estatalizazioa gauzatzeko.

Hau, noski, positiboa da, baina bestalde esan beharra dago ez litzatekeela aski negoziazio kolektiboak dituen hainbat arazo konpontzeko. Sektoreko nahi enpresako lan-hitzarmenen egoera konkretua, negoziatzen ari direnena zein blokeatuta daudenena, ez da aldatuko. Sektorearteko Akordioak babes ditzan beharrezkoa litzateke haietan akordioa iristea.

Horregatik, ELAk nabarmendu nahi du borroka sindikala ezinbestekoa dela eta izango dela. Confebaskek ez du onartzen lan-hitzarmenetan langileen bizi-baldintzak hobetuko lituzketen eduki eta bermeak jasotzerik (hain zuzen, hori litzateke negoziazio kolektiboa desblokeatzeko bidea). Borroka sindikalik gabe ez da lan-hitzarmenik izango, eta bertoko hitzarmenik gabe ez luke etenik izango estatuko hitzarmenen inbasioak, zeina patronalak, CCOOk eta UGTk bultzatzen duten.

Horrenbestez, ELAk agerian utzi nahi du euskal eremuko negoziazio kolektiboaren lege-egoera oso zalantzazkoa dela. Espainiar legeak lehentasuna eman zien, espainiar patronal eta sindikatuek hala erabakitzen bazuten, estatuko hitzarmenei. Euskal eremuan negoziatzeko eskubideari dagozkion hainbat gai dago epai judizialen zain. Litekeena da ere ebazpen horietan orain negoziatzen ari den Sektorearteko Akordioaren eraginaren beraren aurka jotzea. Horregatik ELAk berriro dio benetako eztabaida politikoa dela, eta Eusko Jaurlaritza eta EAJ ez direla inplikatzen ari horri irtenbide bat emateko. 1994an ez bezala, gaur ez dago ekinbide politikorik Euskal Herrian negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko. Posizio hau bat dator patronalaren interesekin, baita Eusko Jaurlaritzak berak bere ardurapeko eremuetan ez negoziatzeko agertzen duen jarrerarekin ere.

ELAk hitz ematen du sektore eta lantokietan bultzatuko duela negoziazio kolektiboa, milaka eta milaka langileren bizi-baldintzak hobetu nahi baititu, lan-hitzarmen gabe baitaude gaur Confebasken eta bere kide diren Adegi, Cebek eta SEAren jarrera zeken eta itxiaren ondorioz.

EAEko negoziazio kolektiboari lehentasuna emango dion egiturazko Sektorearteko Akordioaren aldeko apustua berresten du ELAk