Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Eusko Jaurlaritzak apalak nahiago ditu gizarte-prestazioak eta soldatak
Albisteak

Eusko Jaurlaritzak apalak nahiago ditu gizarte-prestazioak eta soldatak

2017/01/09
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, 2017ko aurrekontu-eztabaidara eramango du bere asmoa, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoera Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan (DBE) ez aplikatzekoa. ELAko Politika Sozialeko arduradun Mikel Novalen aburuz erabaki horrek argiro erakusten digu “euskal gobernuaren aukera: gizarte-prestazioak eta soldatak beherantz botatzea”.

ELArentzat oso larria da neurri hori zuritzeko emandako arrazoia: “enplegua suspertzea”. Novalek esan du “hori eufemismo bat dela”. Gizarte-prestazio hobeak izateak, ezer baztertzekotan, enplegu prekarioa baztertuko luke, soldata baxuetako enplegua”.

Gobernuak nahiago duen politika, pobrezia areagotzen duena da. ELAko Politika Sozialeko arduradunak adierazi duenez “azken urteotan pobrezia zabaldu da, bai enplegua dutenen artean, eta baita langabeen artean ere; eta hori hala izateko arrazoien artean Eusko Jaurlarizaren gizarte-prestazioen politika dago.

Eusko Legebiltzarrean 2008an onetsitako legeak dio DBEren zenbatekoa LGSaren %88aren parekoa izan behar dela. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, %8 murriztu du zenbateko hori 2012az geroztik. LGSak eroste-ahalmena galdu duen urteetan Eusko Jaurlaritzak ez du zalantzan jarri DBErekin izan beharreko lotura. Besteak beste, horrelako erabakiengatik zabaldu da pobrezia joan diren urteetan. “Eusko Jaurlaritzak orain esan diguna da %7ko murrizketari eutsiko diola, eta LGSaren igoera ez duela aplikatuko DBEn. Apustu garbia egin du gizarte honetan pobrezia zabaltzearen alde”. Horrekin batera, Ogasun sailburuak bere ekonomia-politikaren proposamena plazaratu du zera esanez “zerga-bilketaren bidez uste direnak baino diru-sarrera gehiago lortuz gero, zorra amortizatzeko izango dela, eta ez gastu soziala handitzeko”. Horra hor ortodoxia neoliberalaren baieztapena.

Esan beharrik ez dago, gobernuaren erabakia alde bakarrekoa izan dela. Hor ikusten da zertarako balio duen Elkarrizketa Sozialeko Mahaia: ezta kontsulta-izapidea betetzeko ere.

Eusko Jaurlaritzak apalak nahiago ditu gizarte-prestazioak eta soldatak