Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Hazkunde ekonomikoa baliatzen ari dira ezberdintasunak areagotzeko
Albisteak

Hazkunde ekonomikoa baliatzen ari dira ezberdintasunak areagotzeko

2017/01/04
ELAren ustez, erregistratutako langabezia-datuek argi erakusten dute hazkunde ekonomikoak ez duela bermatu ezberdintasunak txikitzea, handitzea baizik, hau da; hazkunde ekonomikoak desorekak handitzea baino ez du ekarri, datuei erreparatzea besterik ez dago.

Aitortu beharra dago 2016an erregistratutako langabezia-tasa jaitsi egin dela. Edonola ere, argitu beharra dago beherakada hori 2015.urtekoa baino baxuagoa izan dela, nahiz eta 2016. urtean hazkunde ekonomikoa handiagoa izan.

Izan ere, datuak dira horren erakusle: Euskal Herriko langabezia-tasa europa mailako bataz besteko langabezia-tasaren gainetik dago, %50 handiagoa da, hain zuzen ere. Bereziki kezkagarria da emakumeen egoera, langabezian dauden herritar gehienak emakumezkoak direlako (emakumeak: %54,4 / gizonak: %45,6)

Ildo beretik, prekarietatea bortizki hedatu izanak ondorio kaltegarriak izan ditu, besteak beste, Hego Euskal Herrian, aldi baterako 1,2 milioi kontratu egin dira, hau da, soldatapeko biztanleria osoa baino gehiago. Aipaturiko aldi baterako kontratu gehienak (erregistratzen diren kontratuen %93,4 izatera ailegatu dira) ilegalak dira. Egoera honi Administrazioak bizkarra ematen dio, laneko ikuskatzailetzaren bitartez, beste alde batera begiratzen du. Horrela, prekarietatea baliatuz, euren etekinak handitzea eta langileei xantaia egitea beste asmorik ez duten enpresen politika babesten du.

Azkenik, ELAk nabarmendu nahi du langabezia-prestaziak gero eta gehiago okertzen ari direla. Langabezian daudenen %61,3k ez du Enpleguko Institutu Nazionalekoinongo prestaziorik jasotzen. Langabezian dauden hamarretik bik bakarrik jasotzen dute langabezia-prestazioa.

Hazkunde ekonomikoa baliatzen ari dira ezberdintasunak areagotzeko