Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Iaz 44 langile hil ziren lan istripuetan
Albisteak

Iaz 44 langile hil ziren lan istripuetan

2015/04/22
ELAk salatu du lan-ezbeharren egoera oso larria dela oraindik ere Hego Euskal Herrian. Izan ere, joan den urtean 44 langile hil ziren lan istripuetan. ELAk arrazoi batzuk nabarmendu ditu: azpikontratazioaren maila izugarri altuak, lan-erritmo itogarriak, gero eta jende gehiago behartuta egotea lan bat baino gehiago egitera hilabete bukaerara iristeko, lanaldi partzialak gora egin izana, eta prestakuntzarik eza.

Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusia eta segurtasun arloko arduradun diren Leire Txakartegi eta Leire Heredia izan dira gaur goizean 2014ko lan-ezbeharren inguruko txostena azaltzen.

2014an, bere horretan dirau krisiaren hasieran hasitako joera berberak, lan-ezbeharren arloan. Horrela, enpresetako egoera ez da inola ere hobetu, lan segurtasunari eta osasunari dagokionez. Enpresentzat eta erakunde publikoentzat ez da lehentasunezko gaia arriskuen prebentzioa, eta hori ondorio kaltegarriak izaten ari da langileriaren osasunean.

ELAk ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboa bultzatuko ditu, lan-osasuna hobetzeko tresna gisa. Jendea arazo horretaz kontzientziatzen, antolatzen eta sindikatuon mobilizazioen bidez bakarrik egingo dugu aurrera gure eskakizunetan.

Era honetan, ELAk aldarrikatu du enplegu duina sortzea lehentasunezkoa izan behar dela gobernuen ekintzan.

Bestalde, Muñozek azaldu du arlo honetan, beste hainbatetan bezala, Eusko Jaurlaritzak patronalaren alde egiten duela. “ Eusko Jaurlaritzako ahotsa lan gaietan Tapia sailburua da, eta Confebasken tesiekin bat dator”.

Iaz 44 langile hil ziren lan istripuetan

erlazionatutako dokumentuak