Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Indarkeria sexistari aurre eginez
Albisteak

Indarkeria sexistari aurre eginez

2016/11/25
ELAk formazio jardunaldia egin du gaur goizean Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran (Bilbo) duen Paraninfoan, Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta. Ondoren kontzentrazio bat egin da. Arratsaldean, berriz, ELAk bat egiten du mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin.

Hiru izan dira jardunaldian parte hartu duten hizlariek. Hiruek galdera bera erantzun behar izan dute –‘Zer egin indarkeria sexistaren aurrean’–, bakoitza bere esparrutik. Laura Gomez Hernandezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun saileko arduradun oihak– aipatu duenez, “administrazio publikoek ezberdintasun ekonomikoen aurka borrokatu behar dute baldin eta indarkeria sexistaren aurka borrokatu nahi badute. Lotuta dauden eta banatu ezin diren bi arlo dira”. Mugarik Gabe erakundeko kide Maria Viadero Achak azpimarratu du indarkeria sexista ez dagoela agenda politikoaren erdigunean. “Indarkeria sexista denei eragiten digu, arazo estrukturala da. Ez du ezertarako balio esateak indarkeria sexistaren aurka zaudela gero aurre egiteko neurririk ez baduzu hartzen”. Azkenik Itziar Gandarias Goikoetxeak, Mujeres del Mundo eta Mundu Martxako militanteak, azaldu du jaiotzen direnean emakumeak beldurraren logikan hazten direla. Horregatik autodefentsa feministaren garrantzia azpimarratu du. “Arlo publikoan aurrera pauso handiak eman dira, baina arlo pribatuan oraindik izugarri geratzen da egiteko, arlo intimoan, bikotearen arloan, norberaren gertuko inguruaren arloan”.

Arratsaldean, berriz, ELAk bat egiten du mugimendu feministak deitutako deialdiekin. Hauek dira nagusiak: Baiona (18:30, Herriko Etxea), Bilbo (20:00, Arriaga Plaza), Donostia (19:00, Boulevard), Gasteiz (19:00, Andra Mari Zuria Plaza) eta Iruñea (20:00, Gaztelu Enparantza).

Indarkeria sexistari aurre eginez