Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Mutuen eragina geldiarazteko modu bakarra negoziazio kolektiboa da
Albisteak

Mutuen eragina geldiarazteko modu bakarra negoziazio kolektiboa da

2015/02/16
Urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Mutualitateen Lege berria, Espainiako Parlamentuan onetsi zen PP, CiU eta PNVren botoei esker. Leire Txakartegik, Lan Osasun eta Segurtasuneko arduradunak, kritikatu du lege hori, osasunaren sistema publikoa pribatizatzeko norabidean beste pauso bat izan delakoan.

Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusia eta Leire Txakartegi, segurtasun eta lan osasunerako arduradunak Mutualitateen Legearen ingururuko balorazioa eman dute gaur goizean Bilbon.

ELAren iritziz erreforma horrek are gehiago zabaldu du mutualitateen jardute-eremua, eta azken finean beste pauso bat izan da osasunaren sistema publikoa pribatizatzeko bidean. Absentismoaren mailak kontrolatzeko aitzakiatan, langileen baja guztien kontrola lerratzen ari da sistema publikotik mutualitateetara.

Orain arte osasunaren sistema publikoko pertsonal medikoak erantzuten ez bazuen, alta ez zen gauzatzen. Erreforma honetatik aurrera, bost egunetan erantzun ezean, INSSeko Ikuskaritzari esku hartzeko eskatu diezaiokete, eta derrigortuta egongo da lau egunetan erantzutera. Azken urteotan mutualitateak gero eta eskumen gehiago hartuz joan dira. Falta zaien eskumen bakarra alta medikoak ematea da; eta patronalaren betiko eskakizuna izan denez, ez dira geldituko hori ere lortu arte.

Gainera, nabarmendu beharrekoa da zalantzan jarri dela Osakidetzako eta Osasunbideako medikuen profesionaltasuna. Praktikan mutualitateek gainbegiratuko dute sistema publikoko medikuen lana. Azken horien lan-karga, egindako murrizketen ondorioz, nabarmen handitu da, eta orain alta-proposamenei lehenbailehen erantzuteko premia jasan beharko dute.

ELAk gogratu du mutualitateak erakunde patronalak direla, elkarturiko enpresek kudeatzen dituztela, eta enpresarien munduak izendatzen dituela haien zuzendaritza-taldeak. “ Ulertzekoa da enpresariekin duten adostasun erraza, arauak interpretatzean eta aplikatzean hartzen dituzten erabaki guztietan. Horren adibide garbia Lujua jauna bera da, aldi berean Confebaskeko burua eta Mutualiako kudeatzailea EAEko mutualitate nagusia‒”, gaineratu du Muñozek.

Leire Txakartegi, Lan Osasun eta Segurtasuneko arduradunaren aburuz erreforma hori geldiarazteko modu bakarra negoziazio kolektiboa da. ELAtik, beraz, negoziazio kolektibotik bultzatuko dugu gertakizun arruntak osasunaren sistema publikoan mantentzea edo leheneratzea.

 

 

 

Mutuen eragina geldiarazteko modu bakarra negoziazio kolektiboa da

erlazionatutako dokumentuak