Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ostalaritzako akordio markoa sinatu da hitzarmen sektorialak estatutik datozen erasoetatik babesteko
Albisteak

Ostalaritzako akordio markoa sinatu da hitzarmen sektorialak estatutik datozen erasoetatik babesteko

2017/01/09
Gaur bildu den Ostalaritzako Akordio Markoaren negoziazio mahaiean egiturari buruzko akordio bat iritsi da, zeinak aplikazio-lehentasuna ematen dien bere eremuan sartzen diren hitzarmen sektorialei (hiru probintzietako ostalaritzako hitzarmenak eta Gipuzkoako ostatu-etxeetakoa), estatu mailako akordioen aldean.

Behin akordio hau burututa, estatuko sektore-eremutik ezin izango dute negoziazio kolektiboa galarazi dagoeneko badiren negoziazio-eremuetan, ezta etorkizunean EAE mailan erabaki litezkeenetan ere.

ELAren eta LABen iritziz akordio honek babestu egiten ditu, batetik, EAEko ostalaritzako hitzarmenak estatutik patronalak (Confebask honen kide delarik), UGTk eta CCOOk egiten dituzten eraso eta injerentzietatik; bestetik, negoziazio kolektiboko euskal Marko bat egituratzen du ere.

Akordio hau iritsi arren, ELAk eta LABek badakigu negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela, eta horrenbestez uste dugu beharrezkoak direla blokeoa gainditzeko ekinbideak: Araba eta Gipuzkoako ostalaritza hitzarmenen negoziazioari heldu behar zaio berriz, Gipuzkoako ostatu-etxeetako negoziazioari ekin eta akordioak lortu, sektore horietan lan-baldintzak okertzen dituen egoerari konponbidea emateko. Horretarako dei egiten diegu lurralde horietako patronalei negoziaziora itzul daitezen akordioak iristeko borondatez, hartara lantokietan pairatzen den prekaritatea bideratzeko.

ELAk eta LABek hitz ematen dute borrokatuko direla lan-hitzarmen horiek berreskuratzeko, betiere eduki nahikoa izango dutelarik sektore horietako langileek pairatzen duten egoera kaskarrari aurre egiteko.

Sukaldaritza edo kolektibitateen sektoreari dagokionez, akordio honen aplikazio-eremuan sartzen delarik, erabaki da probintzia bakoitzeko ostalaritza hitzarmena aplikatuko dela, horrela Madrildik inposatu den estatu mailako Sukaldaritza Hitzarmenaren inposizioari aurre eginez.

ELAk eta LABek uste dugu sukaldaritzako azpisektorearen ezaugarri bereziek berariazko lan-hitzarmen bat eskatzen dutela, hura arautze aldera. Beraz, elkarrekin urratsak egingo ditugu negoziazio-mahai bat eratu arte, azpisektore honetako lan-baldintzak arautzeko hitzarmen bat gauzatzeko.