Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Patronala gezurretan dabil zergarik ez ordaintzeko
Albisteak

Patronala gezurretan dabil zergarik ez ordaintzeko

2017/02/15
ELAk Confebaski leporatu dio zergarik ez ordaintzearren "beti gezurretan ibiltzea". Ildo beretik, Hego Euskal Herriko sozietateen gaineko zergaren presio fiskala Europako bataz bestekoaren azpitik dagoela gogorarazi du ELAk. Zerga honi dagokionez, Europaren parera iristeko urtean 900 milioi euro gehiago bildu beharko lirateke. ELAk nabarmendu duenez, kutxa publikoetan sartzen den diruari erreparatzen badiogu, kapital-errenten eta enpresen etekinen ekarpena %10ekoa baino ez da.

Sozietateen gaineko zergaren bilakaerari eta gaurko egoerari buruzko txostena aurkeztu du ELAk gaur goizean Bilbon. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval ikerketa bulegoaren arduraduna eta beronetako kidea den Iñaki Salaberri agertu dira.

Sozietateen gaineko zergaren inguruan azken egunotan gertatu dena “ikuskizun lotsagarria” izan dela esan du Muñozek: alderdi politiko bereko ordezkariek jarrera desberdinak adierazi dituzte, baina azkenean Confebask patronalaren posizioa lehenetsi dute. Izan ere, patronalak “fiskalitateari buruzko eztabaida bahituta” dauka.

ELAk azaldu duenez, lan-errenten gaineko PFEZaren bidez biltzen den kopurua ogasunean biltzen den diru guztiaren heren bat baino gehiago da, baina honek ez du langile-klaseak jartzen duen zenbateko osoa islatzen, beharginek beste zerga batzuk ere ordaintzen baitituzte, besteak beste, BEZ. Aitzitik, kapital-errentek eta enpresen etekinek kutxa publikoetan sartzen den diru guztiaren hamarrena besterik ez dute ipintzen.

UE-28ko sozietateen zergaren presio fiskalarekin parekatzeko EAEn urtero 669 milioi euro gehiago bildu beharko lirateke, eta 234 milioi Nafarroan.

ELAren ustez, datuek nabarmen uzten dute patronalaren hipokrisia. Izan ere, bere diskurtso biktimistarekin sinestarazi nahi du enpresek Euskal Herrian beste inon baino zerga gehiago ordaintzen dutela. “Hori gezurra da, eta badakite. Hain zuzen kontrakoa gertatzen da. Patronalak esan dezake zerga gutxiago ordaindu nahi duela, baina ez du zertan gezurretan ibili”.

ELAk salatu du fiskalitatea eztabaidatzerakoan ez dagoela parte hartze sozialeko inolako mekanismorik. Haatik, “sozietateen zergaren inguruko debatea itxi izanak, Finantzen Euskal Kontseiluak erabakita honakoa frogatzen du: fiskalitatearen gaian parte hartzeko eta erabakitzeko aukera patronalari ematen diotela".

Patronala gezurretan dabil zergarik ez ordaintzeko

erlazionatutako dokumentuak