Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Prebentzioa ez da behar bezala kontuan hartzen basogintzan
Albisteak

Prebentzioa ez da behar bezala kontuan hartzen basogintzan

2016/01/08
ELAk aurtengo lehen lan-istripu hilgarria salatu behar du. Istripua atzo, urtarrilak 7, eguerdian gertatu zen Otxandioko Gonbilatz auzoan, han MADERAS KEPA ATUTXA, S.L. enpresako 41 urteko langile bat, baso-aizkolari lanbidez, pinu bat mozten ari zela, gainera jausi zitzaion, eta bertan hilda geratu zen.

ELAk adierazi du ez dakigula oraingoz zein nolako prebentzio-neurriak zituzten, ezta basogintzako lanabes egokiak zituzten ere. "Baina orokorrean prebentzioa ez da behar bezala kontuan hartzen basogintzan, nahiz eta jarduera berez arriskutsua izan, eta Hego Euskal Herrian garrantzizko jarduera izan. Halaxe da, makina astunak erabiltzen dira ingurune malkarretan, non ebakiak, eroriak, harrapaketak eta bestelako istripuak izateko arriskua handia den. Erabiltzen diren ekipoei ez zaie askotan mantentze-lana egiten, edo langileei ez zaie prestakuntza egokirik eskaintzen; hori dela-eta, lan-istripuak jasateko arriskua handiagotu egiten da", azpimarratu du.

ELAk bere elkartasuna eta laguntza agertzen die langile zenaren senide eta lankideei, eta aldi berean, gertatutakoa berehala ikertzea eskatzen du, istripuaren zioak argitzeko, eta erantzukizunak egozteko.

Erakundeek prebentzio-neurri zorrotzagoak eta egokiagoak galdatu behar dituzte, horrelako lanetan, eta gerora neurriak betetzen diren edo ez ikusteko jarraipena egin, kasuan kasuko lanarekin ondo moldatzen diren ziurtatzearren.

Azkenik, ELAk berresten du bere konpromisoa, lan-prekarietatea errotik kentzekoa, hori baita azken arrazoia langileok dugun ezbeharren tasa handia izateko.

Bestalde, datorren astelehena, hilak 11, eguerdiko 12etan, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta EHNE sindikatueK elkarreteratzea deitu dute Otxandioko Enparantzan, atzo izandako lan istripu hilgarri hau salatzeko.