Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Prestazio sozialen sistema hobetu beharra dago, zenbatekoak eta baztertutako kolektiboak gehituaz
Albisteak

Prestazio sozialen sistema hobetu beharra dago, zenbatekoak eta baztertutako kolektiboak gehituaz

2014/11/13
Datuek argi adierazten dute egungo egoera sozioekonomikoa zein larria den. Langabezia, prekarietatea, pobrezia eta desberdintasun soziala hedatzen ari dira. Era honetan, Adolfo Muñoz "Txiki"k azpimarratu du pobrezia arriskuan daudenen kopuruak gora egingo duela datozen hilabeteotan. Horrenbestez, ELAren aburuz gizarte-babesaren maila hobetzea ezinbestekoa da. Alabaina, politikak ez dira helburu horrekin erabakitzen. Kezka nagusia murriztea edo gastuari eustea da, baita gizarteko kolektiborik ahulenen babesari dagokion arlo honetan ere, eta hau ezin da onartu.

Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna eta Janire Landaluze ikerketa bulegoko kidea izan dira gaur goizean Bilbon “Prestazio sozialen” inguruko txostenaren aurkezpenean.

Azken egunotan honen inguruan sortu den eztabaidaz aritzerakoan, ELAko idazkari nagusiak adierazi du PPk langileok pobrezia larria jasaten dutenen aurka jarri nahi gaituztela, beraiek lapurretekin jarraitzen duten bitartean. Era honetan, xenofobiaren arrizkuaz ohartarazi nahi izan du. Arreta desbideratuaz eta era guztietako argudio faltsuak erabiliaz gauza bakarra lortzen da, jarrera arrazistak hedatzea, gizarteko kolektiboak elkarren aurka jartzeko ahaleginean. Egunez egun xenofobia maila handiagoa da.

Bestalde, prestazio sozialen murrizte politika beren gain hartu dutela Eusko Jaurlaritzan azken urteetan izan diren alderdi desberdinek salatu du ELAk.