Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Sindikatuok Garoñako zentral nuklearraren kontra
Albisteak

Sindikatuok Garoñako zentral nuklearraren kontra

2017/03/16
Arabako enpresa esanguratsuenen Batzordeetako Lehendakariek “Guztion artean eta benetako konpromisoarekin, Garoña itxi daiteke” izeneko agiriarekin bat egin dute. Agiri horretan Garoñako zentral nuklearra betiko ixtea exijitzen da; ulertezina bada ere, berriro irekiko dutenaren mehatxua inoiz baino biziago dagoelako 2017ko martxoan. Horren inguruan, behean sinatzen dugun sindikatuok ondorengo adierazpena egin nahi dugu:

Garoñako zentral nuklearra ez da beharrezkoa hornidura energetikoa bermatzeko, ezta garapen ekonomikorako ere. Bere jabeak diren Iberdrola eta Endesaren interes zikoitzagatik soilik uler daiteke berriz zabaltzea. Iberdrolak 2016an 2.705 milioi euroko irabaziak izan zituen, aurreko urtean baino %12 gehiago; Endesak, 1.411 milioi, %30 gehiago, salmentetan %7ko jaitsiera izan arren.

Krisiak hiritarron gehiengoari eragin dion bitartean -langabezia handituz, langileen lan-baldintzak okertuz edota pobrezia energetikoaren ondorioak zabalduz- Iberdrola eta Endesa demanda energetikoan izandako beherakadaren gainetik etekinak handituz joan dira, jarrita dagoen potentzia gehiegizkoa izan arren. Euren oligopolio elektronikoko izaerari esker gertatu da hori, merkatu elektrikoari beren arauak inposatzen ahalbideratzen baitio. Horretarako, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluraino iristen den sare lagungarri bat osatu dute.

Araba Garoña gabe osatzen dugun sindikatuok, urteak daramatzagu zentralaren inguruko herrien ekonomia biziberritzeko plan bat eskatzen, honen desegitearen perspektibatik, 2015eko martxoaren 11ko Aginduak jasotzen duen bezala. Agindu horrek zentral nuklearren inguruan dauden herrientzat diru-iturrien hazkundea ere jasotzen du. Hala ere, plan ekonomikorik onena arriskutsua den eta zahartuta geratu den zentral nuklear hau ixtea dela defendatzen jarraituko dugu, bere itxierak ziurtatuko baititu langile eta biztanleen osasuna eta gure etorkizuna.

Bere behin-betiko itxierak ekar ditzakeen ondorio negatiboei dagokienez, gogorarazi nahiko genuke zentrala desegiteak gutxienez hurrengo 10 urteetan berriz zabaltzeak baino askoz lanpostu gehiago sortuko duela, Zoritako zentralaren kasuan gertatu den bezala. Garoñaren desegiteak lana sortuko du, inguruko berpizte ekonomikoa ahalbidetuko du, eta, batez ere, ez du pertsonen segurtasuna etekin batzuen menpe jarriko (Iberdrolaren dibidenduak 2016an % 11an handitu dira eta % 30ean Endesarenak).

Arrazoi hauengatik, langileak hurrengo martxoaren 18an Andra Mari Zuriaren Plazan hasiko den eta Garoñako zentralaren behin-betiko itxiera aldarrikatuko duen manifestazioara deitzen ditugu, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

ELA- CCOO- UGT-ESK-steilas-CNT-CGT-HIRU

Sindikatuok Garoñako zentral nuklearraren kontra