Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Soldaten galera eta aberastasunaren banaketaren inguruko eztabaida kaleratzea ezinbestekoa da
Albisteak

Soldaten galera eta aberastasunaren banaketaren inguruko eztabaida kaleratzea ezinbestekoa da

2015/09/17
ELAren esanetan hazkunde ekonomikoak ez du enplegurik sortzen, eta "gure gizartean ezberdintasunak areagotzen ari dira". Sindikatuaren helburua da desberdintasunaren hazkundea eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatzea. Bestalde, langabeziaren jaitsiera, batez ere biztanleria aktiboa murriztu delako gertatu da, eta egungo enplegua era kezkagarrian ari da prekarizatzen.

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiarekin batera, Mikel Noval arlo sozialeko arduraduna eta Iñaki Salaberri, ikerketa bulegoko kidea izan dira gaur goizean Bilbo egoera ekonomiko eta sozialaren inguruko txostenaren aurkezpenean.

ELAk nabarmendu du prekariatateak gora egiten jarraitzen duela era kezkagarrian, "besteak beste aldi baterako kontratuen eta borondatezkoa ez den denbora partzialeko enpleguaren eraginez". ELAk kargu hartu dio azken hiletan zabaltzen ari den diskurtso ofizialari: "enplegua zatikatzea ez da lanpostuak sortzea".

Bestalde, sindikatuak azaldu du soldatak inoiz baino zati txikiagoa dutela aberastasunaren banaketan. "Gobernuek eta patronalak ez dute honetaz hitz egin nahi, eta gezurretan ari dira esaten dutenean ekonomiaren hazkundeak konponduko duela desberdintasuna", azpimarratu du Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak.

Muñozen iritziz gobernuek bestelako politika batzuk egin litzakete, baina ez dute nahi. "Politika egiten da ezer larririk gertatzen ari ez bailitzan. ELA lanean ari da eztabaida hau gizartean heda dadin; prekarietateari aurre egiteko eta antolakuntza sindikalari eta borrokari balioa emateko", azpimarratu du.

Ikusi Txostena