Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Iritziak Miseria zabaltzen duenak izena du
Iritziak

Miseria zabaltzen duenak izena du

Adolfo Muñoz "Txiki" 2015/11/25
Patronalak sindikatuen “lankidetza” nahi du bere planak gauzatzeko. Confebaskek delako “Elkarrizketa Sozialeko” mahaian CCOO, UGT eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztu dien agirian hau esaten du: “Lan-harreman modernoek eskatzen dituzte (…) adostasun berriak, zeinak areago izan beharko luketen beren eragileen ardura -langile eta enpresario, sindikatu eta enpresario elkarteena- botere publikoena eta arau legalarena baino”.

Azala behar da! Hori esaten dute noiz, eta “arau legala”ri esker bi erreforma laboral basatiren oparia jaso dutenean, bitartean CEOEk gehiago eskatzen duelarik. Hori zinismo hutsa da. Eusko Jaurlaritzak “eredu berri” hori maite du; bere ardurapeko esparruetan ezartzen duen ereduaren oso antzekoa da, izan ere. Sarri zalantza egiten dugu patronalaren bozeramailea nor ote den, Confebaskeko arduradunak… edo Tapia sailburua nahiz Jabier Larrañaga, Gipuzkoako Ogasun diputatu berria.

Confebasken proposamenak ardatz bakarra du, enpresarioaren aldebakarreko borondatea. Ez dute ametitzen botere horri mugak ezartzerik. Lan Zuzenbidea eta lan duina betirako amaitutzat jotzen dituzte, enpresen “lehiakortasunerako” oztopotzat hartzen baitituzte. Badakite legeak beren alde dituztela eta gobernuek, inoiz baino otzanago, egoera orekatzeko ez dutela ezer egingo.

Benetan, ez dago inolako arrazoirik sindikatu bat halako mahai hutsalen inguruan eser dadin, gobernuei eta patronalari laguntza emateko.

Makina bat adibidek erakusten dute politika eta enpresarioen arteko aliantza hori. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek ez dute onartu nahi ELAk Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu zuen Herritar Legegintza Ekimena (HLE): bere helburua zen Administrazioaren esku dauden azpikontratetan enpleguaren galera eta lan-baldintzen gainbehera eragoztea. Confebaski gure helburua “zentzugabekeria” iruditzen zaio, eta Jaurlaritzak nahiago du, murrizten jarraitzeko, lanak eta zerbitzuak ezarritako prezioa baino %40 merkeago esleitu. Horrela, enpresa piraten bidez, gure jendea esplotatzen dute, egunean 12 ordu lan eginaraziaz, orduko 5 euroan. Administrazioko arduradunak ez dira hau salatu ondoren deitzen diren adiskidetze ekitaldietara agertu ere egiten.

Hortaz, Jaurlaritzak nahiago du ELAk lan miseria salatzeko hasi duen kanpainaren inguruan zalapartaka plazaratu. Bere hitzetan, “bizion artean errespetua zor diogu elkarri, pertsonei nahita ala nahi gabe beharrezko ez den minik egin ez diezaiogun”. Ez dago gustora prekaritatearen aitzindarien aurpegia karteletan jarri dugulako. Gure kartelak gogaitzen omen dute, ez gobernukideek egunero normaltasunaren irudia saldu nahian enpresario handiekin egiten dituzten argazkiek.

ELA borrokan ari da politika ez dadin lasai geratu sekulako politika neoliberalik latzenak ezartzen ari direnean. Ez dugu onartuko gizarte-eredua edota lan-baldintzak bigarren mailan jartzerik; are gutxiago ezkerraren aldetik. Ezkerrak klase-identitate bat mantendu nahi badu eztabaida horiei lehentasuna eman beharko lieke. ELAren ustez mugimendu sindikal eta sozialari dagokio autonomia osoz aitzindari izatea neoliberalismoaren aurkako frontean; alternatibak proposatu eta gizarteratzea, eta -hau benetan inportantea da- langileak antolatzea. Botere kontua da. Sindikalismoak bere boterea berreraiki behar du, prekaritatea pairatzen dutenen nahien ahotsa izan. Hau lortu ezean kapitalismoak gu akabatzea lortuko du, piskanaka, heriotza begetatiboz.

Kolektibo ahulak -eta langileok hala gara- sindikatuetan antolatu behar gara gure interesak eta nortasun kolektiboa ordezkatzeko. Etengabe datozkigun mezu antisindikalen aurka, ELAk berresten du langile antolatuok garela sindikatua.

Egiten ari garen kanpainan azalduko dugu lan-miseria noraino eramaten ari diren: Eguneko 12 lan-ordu, 5na euroan; eguneko 31 minutuko kontratuak; hoteleko gela bat garbitzearen truke 3 €... Erreforma osteko garaian lanaldi partzialeko kontratuarekin esplotazioa legezko bihurtu da, eta kontratu mota hau gehienean emakumeei egiten zaie. Halaber, esan egingo dugu lan-miseriaren ardura norena den. Zergatik ezin ote da ezagutu aberastearren nork inposatzen duen miseria? Ezagutzea nahi dugu Euskalteleko zuzendaritzak, kontrol publikopean zegoen enpresa baten akzioak funts espekulatiboei saltzeagatik 50 milioi euro poltsikoratu dituela, Kutxabanken konplizitatearekin. Jakin egin behar da ere Sanchez Galan Iberdrolako kontseilari-ordezkariak prekaritateaz abusua egiten duela, etekinak puztu eta 47.000 euro irabazten duela… eguneko. Ezagutzea komeni da politikaren eta enpresa handien arteko ate-errotak nola funtzionatzen duen. Jende askok ez daki PSOEren eta PPren artean boterea eskualdatu zenean konpainia elektrikoei bidegabe kobratutako zenbatekoen ondorioz ezarritako zigor bat bidean galdu zela: 3.000 milioi euro. Galdu egin zen benetan? Eskubidea dugu ezagutzeko kapitalak nola kontrolatzen dituen politikoak, hauek agintean daudenean bere zerbitzura izan daitezen, eta boteretik ateratzean onura lortu duten enpresetan oso ondo ordaindutako postuak jaso ditzaten. AEBetan presidente izateko hautagaitza lortu nahian dabilen Donald Trump satrapa aberatsak duela gutxi esan du: “Dirua alderdi guztiei eman diet. Deitzen dutenean, eman egiten diet. Eta, badakizu? Bizpahiru urte beranduago eurengandik zerbait behar badut, deitu eta nire esanetara daude”. Orain, ordea, ez du bitartekaririk nahi; presidente izan nahi du.

Ez daude pozik bi kontu lotzen ditugulako: onartu ezineko lan-miseria eta enpresa hauen helburua, hots, beren akziodun eta zuzendaritza itxuragabe aberastea. Etekinak norentzat, eta herritik gero eta urrunago dauden akziodun batzurentzat (funts espekulatiboak, multinazionalak…). Ez errorik, ez eskrupulurik ere. Ez da gustora entzuten jendeari esatea soldata jaitsierarekin eta kapitalaren, errenta altuen eta enpresen etekinen desfiskalizazioarekin gizartea zeharo txirotzen ari direla. Horrela ezinezkoa da pentsio duinak ordaintzea, osasun edo hezkuntza publiko unibertsala eskaintzea, edota gizarte-prestazioak ematea… Soldatak murriztu eta kapitalari zergak jaistea koktel arriskutsua da, desberdintasun sozialen jatorria. Eusko Jaurlaritzari bost axola zaio ELAk salatzen duena egia ote den; amorratzen duena salaketa bera da.

Duela mende erdi sozialdemokraziak eta demokrata kristauek faxista eta zorotzat hartzen zituzten gaur gobernuek ezartzen dituzten errezeta neoliberalen profetak. Gaur, sozialdemokratek ere sinesmen neoliberalarekin bat egin dutelarik, “zentzuzko” jarrera beste bat dela diote, eta zoroak gu garela.

Lan-miseria pairatzen duen jendeak izen-abizenak ditu, ez da anonimoa; hura ezartzen dutenei ere ezin diegu utzi anonimotasunean jarraitzen. Ardura dutenen mozorroa kentzea kontzientzia pizteko lagungarri da. Horregatik erabaki dugu estrategia hauek gidatzen dituztenen erretratua kaleratzea.