Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Iritziak TTIP: mugagabeko boterea multinazionalentzat
Iritziak

TTIP: mugagabeko boterea multinazionalentzat

Laura Gonzalez de Txabarri 2014/09/03
Duela urtebete hasi ziren Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena (ingelesez TTIP) negoziatzen.

Sekretupean prestatzen ari diren hitzarmen hau ez da ohiko merkataritza akordio bat: helburua ez da bakarrik muga-zergak ezabatu eta merkatuak irekitzea. Benetako xede nagusia “oztopo” diren araudiak kentzea da, alegia, merkataritza librerako eta inbertsioentzako eragozpen diren eta Atlantikoaz gaindiko fluxua zailtzen duten arau sozial eta ingurumenekoak ezabatzea.

 Esaterako, horien artean daude osasunari eta elikagaien segurtasunari buruzko arauak (transgenikoen murrizpena), arau laboralak (hitzarmen kolektiboak kasu), gai kimiko toxikoen erabilpenari buruzkoak (adibidez, REACH gai kimikoak kudeatzeko arau-marko europarra), datu-babeseko legeak, etab. Denbora luzean metatuz joan den arau eta eskubide multzo zabal hori ezabatu egin nahi dute merkataritza librearen izenean.

TTIPen baitan negoziatzen ari diren puntuen artean kezkarik handienetarikoa Inbertitzaile eta Estatuen arteko Gatazkak Ebazteko Prozedura da (ingelesez ISDS). Honen bitartez auzitegi pribatuak sortuko lirateke, ohiko justiziarekin zerikusirik gabeak; hauengana jo lezakete inbertitzaile atzerritarrek (edozein enpresa multinazionalek) estatu baten aurka, honek erabakitako politika publikoren batek ustez etekinak galtzea eraginez gero.

Honelako prozedurak dagoeneko merkataritza hitzarmen ugaritan jaso dira, eta berehala hasi dira multinazionalak hori baliatzen osasuna, ingurumena edo lan-eskubideak babesteko arauei ekiteko. Dagoeneko 500dik gora auzi-eske sartu dira 95 estaturen aurka. Ezaguna da, esaterako, Philip Morris tabakalerak australiar gobernuari eskatu dizkion milaka milioi dolarrak, tabako paketeetan publizitatea galarazten duen arauak galerak eragin omen baitizkio. Beste salatzaile bat Veolia enpresa frantsesa da: Egiptoko gobernuaren aurka auzi-eskea sartu zuen, beste gauzen artean, gutxieneko soldata bat ezartzean etekin txikiagoak izatea ekarri zuelako.

Prozedura hau demokraziaren aurkako benetako atentatua da, eta kezka handia sortu du hainbat talde eta erakunderengan; hauek gero eta kritika ozenagoa egiten diote. Egoera honek behartu egin du Europar Batzordea ISDSren inguruko negoziazioa etetera eta beraren inguruko kontsulta publiko bat egitera. Uztailean amaitu zen kontsultarako epea, eta 150.000 bat erantzun jaso ziren; oraindik ez dituzte aztertu.

Baina kontsultak izan duen oihartzuna gorabehera, eta espero daitekeen arren erantzun asko eta asko kritikoak izango direla, ez dirudi negoziatzen ari diren aldeek ISDS baztertzeko asmoa dutenik. Agian aurpegia garbitu nahi izan dute prozesuaren sekretupeko izaerak eragin dituen kritikak isilarazteko eta bide batez azaleko aldaketaren bat egiteko.

ISDSarekin batera TTIP proiektu politikoaren beste puntu nagusietako bat araugintza-lankidetza da. AEBetako gobernuaren bultzadaz, Europar Batzordeak proposatu du

Araugintza-lankidetzako Kontseilu bat eratzea, EB eta AEBetako erakunde araugile nagusietako arduradunek osatua; kontseilu honen eginkizuna litzateke aplikazio orokorreko arau guztiak kontrolatzea, indarrean daudenak zein egitekotan direnak, nazioarteko merkataritzan eragin handia izan dezaketen heinean. Horretarako kontseiluak alde interesatuen iritzia aintzat hartuko du (batik bat enpresen lobbyenak). Praktikan enpresei aukera emango litzaieke indarrean dauden arauei erasotzeko, baina baita egiteko prozesuan daudenak baldintzatzeko ere, beren salerosketei kalte egin edo oztopoa jar diezaiokeen edozer paretik kentzearren.

Non geratzen da parlamentuen burujabetza? Non geratzen da demokrazia? Asmoa agerian dago: arauek ezin dute “negozioa” oztopatu, eta horretarako, batetik, auzitegi pribatuak sortzen dira haiek aplikatzen dituzten gobernuak zigortzeko; bestetik, aipatutako kontseilu batek legediak eta legegaiak gainbegiratuko dituzte batzuren “negozioa” inola ere mugatu ez dadin.

Sekulako erronka dugu hau. Atlantikoaren bi aldeetako elite ekonomikoek urteak daramate klaseko proiektu politiko hau taxutzen, helburu jakin batekin: oraindik ere bizirik dirauten konkista sozialak ezabatzea eta erabateko desarautzea lortzea, jokaleku berrian korporazio handiek aise joka dezaten.

 Negoziazioak sekretupean eginagatik eta talde enpresarialek lobby lan izugarria egiten ari diren arren, propaganda ofizialaren aurka ere erresistentzia areagotzen ari da. Gero eta erakunde eta mugimendu gehiago gaude TTIP hitzarmenaren aurka, Europan nahiz AEBetan, gero eta jende gehiago konturatzen ari baita bere bizimoduan zer nolako eragina izango lukeen.

Europar gizarte zibileko antolakunde eta mugimenduek osatutako aliantza batek TTIParen aurkako ekintza eguna deitu du datorren urriaren 11rako. Euskal Herrian ere parte hartuko dugu borroka horretan, jokoan asko izanik oraindik garaiz baikabiltza. TTIP geldiaraziko dugu, demokrazia berreskuratu, eta multinazionalen botereari alto eman. Pertsonak eta planeta etekin korporatiboen gainetik gaude.

Autorearen beste iritzi artikulu batzuk