15 minutuoro baja bat gertatzen da laneko istripu edo gaixotasunen ondorioz

2017/04/19
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek prekarietatea eta lan gaixotasun profesionalak izango dituzte gogoan apririlaren 28an, Lan Osasun eta Segurtasunaren egunean. Bestalde, salatu dute Hego Euskal Herrian iaz 53 langile hil zirela lan istripuz. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiaren hitzetan ,“prekarietatea izurria da”, eta honen ondorioak nabariak dira lan munduan. Bestalde, azaldu du administrazioek baliabide nahikorik ez dutela jarri izurri honi aurre egiteko.

Sindikatuetako ordezkariek adierazi dute administrazioek gaixotasun profesionalei ez dietela arretarik jartzen, nahiz eta egunean lanak eragindako 10 kasu antzematen diren. Europar Batasuneko lan-ezbeharren eta lanbide-gaixotasunen zenbakiak ikusten badira, ondorioa argigarria da: lan-ezbeharrek eragindako heriotza bakoitzeko, lanbide-gaixotasunek eragindako 18 gertatzen dira. Euskal Herrian, aldiz, lanbide-gaixotasunekin loturiko estatistikarik ez dago, nahiz eta azken bederatzi urtean 180 langile hil diren amiantoaren ondorioz.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek azaldu dute emakumeek areago pairatzen dutela prekarietate laborala zein soziala, eta honen ondorioak nabarmenak direla. Horrek esan nahi du segurtasun eta higiene arloko arriskuetatik harago joan beharra dagoela, arrisku psikosozialak hartu behar direla kontuan, eta aintzat hartu halaber, ugalketa-osasuna babestea dela genero-ikuspegiaren helburu nagusia osasunean.

Lanbide-gaixotasunak ezkutatzeko edo egiazki gertatzen direnak baino gutxiago aitortzeko arrazoi nagusia da gizarte segurantzaren mutua kolaboratzaileek egiten duten lan zikina. Mutuak enpresaburuen elkarteak dira, eta Legez irabazi-asmorik gabeak dira.

"Mutuek harro esaten dute zer aurrezten duten beren jardueraren bidez; hots, Aldi Baterako Ezintasuneko milioika lanaldi, eta milaka milioi euroren superabita. Baina ez dute baloratzen zer-nolako kostua ordaintzen duten pertsona horiek beren osasunarekin, eta gainera, langileek auzi luze eta korapilatsuei ekin behar izaten diete beren gaixotasunen lan-izaera aitortu diezaieten" salatu dute.

Era berean, ez dituzte baloratzen gizarteak ordaintzen dituen kostuak alta goiztiarrengatik, pertsona gaixoak kanporatzeagatik, edo ondorio saihesgarriengatik.

Irakurri txostena