200.000 langabe Hego Euskal Herrian

2016/02/02
Langabeziak gora egin eta berriro 200.000 lagun kolpatzen ditu Hego Euskal Herrian; tenporalitateak gora egin du ere, sinaturiko kontratuen %92,7 behin-behinekoak direlarik. Aldiz, langabeziagatiko prestazioak murriztuz doaz, eta langabeen %59,3k ez du inolako babesik jasotzen.

Aurtengo lehen hilabetean langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, 199.905 pertsonetan kokatuz. Urtebete lehenago baino 21.688 langabe gutxiago badira ere, abenduan baino 6.745 gehiago dira. Lurraldeka, 2016ko urtarrilean Nafarroan 45.133 pertsona langabezia egoeran izen emanda daude eta EAEn, aldiz, 154.792.

Gazteen langabeziak ere gora egin du abendutik, 780 pertsonetan kasu honetan, eta jada HEHn 13.091 gaztek izena emanda dute langabezian. Hala eta guztiz ere, iaz baino 1.912 gazte langabe gutxiago daude.

Prekarietateak, aldi-baterakotasunaren ikuspuntutik, bere horretan segitzen du: urtarrilean sinaturiko kontratuen %92,7 behin-behinekoak izan baitira (%92,3 EAEn eta %93,7 Nafarroan). Urtebete lehenagoko datuaren gainetik dago, beraz, orduan kontratuen%92,5 tenporalak izan baitziren Hego Euskal Herrian.

Langabeziagatiko prestazioak, azken datua abendukoa delarik, 78.652 lagunek jaso zituzten; hau da, langabeen %59,3k ez zuen inolako babesik izan langabe egoeragatik. Horrela, abenduko batez besteko prestazio gastua hartzaileko 1.028,84 eurotan kokatu zen, eta langabe bakoitzeko gastua prestazioetan 418,93 eurotan.