2003ko Ikurren Legea indargabetzea eskubide demokratikoen aldeko erabakia dela

2017/03/31
ELAk uste du 2003ko Ikurren Legea indargabetzea eskubide demokratikoen aldeko erabakia dela. Udalen autonomia eta tokian tokiko ikurrei buruzko erabaki demokratikoak bermatu behar dira orain. Nafarroako banderaren erabilera lehen bezala geratzen da, guztiz bermatua. ELAk uste du atzo Nafarroako Parlamentuak 2003ko Ikurren Legea indargabetzeko hartu zuen erabakia eskubide demokratikoen aldeko neurria dela, eta bide horretan sakondu beharko duela datozen hilabeteotan.

Jakina denez, 2003ko Ikurren Legea debekuaren logikan oinarrituta zegoen, eta isunak zein beste zigorrak ezartzen zituen tokian tokiko eskubide demokratikoak zapaltzeko asmoarekin.

Lege hori indargabetzea debekuaren logikaren amaiera da, baina tokian tokiko eta udal-autonomia bermatzeko lege baten beharra aztertzeko unea iritsi da. Nafarroako herri bakoitzak zein ikur ezarri nahi dituen erabakitzeko eskubidea bermatu behar da, nolabait. Dena den, Nafarroako banderaren erabilera bermatuta geratzen da orain, lehen bezala.

Gauzak horrela, atzo Parlamentuan sortutako espektakuluak ez du inolako zentzurik, eta are gutxiago komunikabide batzuek plazaratutako informazio faltsuak: 2003ko ikurren legea indargabetzeak ez du ezer inposatzen, kontrakoa baizik, demokraziaren aldeko urratsa da. Agerian geratu da, nonbait, banderen gerraren benetako bultzatzaileak nortzuk diren, ziurrenik urte luzez inposaturiko politika antisozialak ezkutatzeko asmoarekin. UPNk, PPk eta PSNk 17 urte eman zituzten Gobernuan Ikurren Legerik gabe (1986-2003), hemendik aurrera egonen garen egoera berean hain zuzen ere: akaso orduan ere ikurrina inposatzen ari ziren?