2013an 18.400 enplegu suntsitu dira Hego Euskal Herrian

2014/01/23
ELArentzat BAIko daturik adierazgarriena 2013an 18.400 lanpostu suntsitu direla da, hau da, enpleguaren %1,7a galdu dela.

2013 ekitaldian zehar Hego Euskal Herrian langabe kopurua 7.600 pertsonatan jaitsi izana biztanleria aktiboa 26.000 pertsonatan jaistearen ondorio da. Hau da, langabe kopurua ez da jaitsi lanpostuak sortzearen ondorioz, enplegua bilatzeko orduan jendearen desanimoaren ondorioz baizik. Izan ere, biztanleria aktiboaren zenbatekoa mantendu izan balitz, langabeena 18.400n gehituko litzake.

Langabe kopurua jaitsi bada ere, langabezia tasak %16,1koa izaten jarraitzen du, 28-EBkoa (%10,9) baino 5,2 puntu altuagoa, Txipre (%17,3), Kroazia (%18,6), espainiar Estatua (%26,7) eta Greziak (%27,4) soilik dutelarik langabezia tasa altuagoa. Portugalek (%15,5) ere Hego Euskal Herrikoa baino langabezia tasa baxuagoa dauka.

Beste alde batetik, behin-behineko kontratudun langileen kopurua 5.700n gehitu da, eta beraz, aldi-baterako tasa puntu batean igo da, %20,9ra iritsiz.

 

Enpleguari buruzko datuak txarrak izan arren, hauei buruzko mezu baikorra ematen saiatu dira. Horixe da botere publikoen helburua, errealitatea mozorrotu, jendea desmobilizatu, eta gero eta egoera larriagora garamatzaten murrizketa eta erreforma politika berdinekin jarraitzeko. Mobilizazio sozial eta enpresetan antolakuntza dira egoera honi buelta emateko tresna bakarrak.