2015eko aurrekontuek Eusko Jaurlaritzak murrizketekin jarraituko duela erakusten dute

2014/11/17
ELAren aburuz Eusko Jaurlaritzaren 2015ko aurrekontuek azken urteetakoen bidea jarraitzen dute. "Jaurlaritzak behin eta berriz errepikatzen du murrizketarik ez dagoela, baina, zoritxarrez, datuek hori errotik gezurtatzen dute. Murrizketa nabarmenak egiten dira, eta horren ondorioak oso larriak dira: osasun eta hezkuntza sistemen kalitatearen okertzea, pobrezian bizi diren lagunen eta zerbitzu sozialen babesa ez dutenen egoera larriagotzea...”

Adolfo Muñoz idazkari nagusiarekin batera Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna, eta Julene Gabiola, azterketa bulegoko kidea, izan dira Eusko Jaurlaritzaren 2015ko aurrekontuen inguruko txostenaren aurkezpenean. “Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen aurrekontuak aurreko urteetako aurrekontuen bidetik doaz, eta ondorioak ezin okerragoak izango dira: langabezia gehiago, pobrezia gehiago eta gizarte zerbitzu okerragoak”, ondorioztatu dute guztiek.

Muñozek adierazi duenez, diru-sarrera publikorik eza eta gizarte gastuan murrizketak egitea aukera politiko bat dira, eta hor kokatu du Finantza Kontseiluaren erabakia. “EAEko hiru ogasunak EAJren, EH-Bilduren eta PP-ren esku daude, eta horiek osatzen dute Finantza Kontseilua. Eta, jakina da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak Finantza Kontseiluarekin lortutako akordio baten ondorio direla. Eta, akordio horrek uko egiten dio egungo zerga-sistema errotik aldatzeari, diru sarrera gehiago izateari uko eginak, ondorioz”.

“Bestalde, 2009 eta 2015 urteen artean Eusko Jaurlaritzak zor publikora bideratuko gastua 900 milioi eurotan gehitu dela azaldu du ELAk. Epealdi horretan osasungintzan (118 milioi), hezkuntzan (262 milioi) eta etxebizitzan (110 milioi) murrizketa nabarmenenak izan dira. Bien bitartean, uko egiten zaio zerga-sistema bidezko bat garatu eta diru-sarrerak handitzeari”.

Ikusi bideoa