“Espainiarekin dagoen aldebikotasun bakarra politika antisozialak ezartzeko da"

2017/03/17
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta 2.500 lagun inguru elkartu dira Gasteizen Eusko Jaurlaritzak 2017. urterako aurkeztu duen aurrekontu proiektua dela-eta ekimen herritar honek antolatu duen jardunaldian. Deitzaileek –tartean ELA– gogor salatu dituzte aurrekontu hauek, “antisozialak direlako eta ez dietelako herritarren gehiengoaren beharrei erantzuten”.

Lehendabizi ekitaldi bat egin da Mendizorroza Kiroldegian. Bertan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eragile ezberdinek aurrekontuak ikuspuntu ezberdinetatik aztertu dituzte: ingurumena, gazteria, gizarte prestazioak, feminismoa, langile-klasea…

Ekitaldian parte hartu duen lagunetako bat ELAko idazkari nagusia izan da, Adolfo Muñoz, Txiki. Gisa honetako ekitaldiak eskertu ditu Muñozek. “Guk esan dugu eztabaida hauek gizarte-eredurako funtsezkoak direla, eta erantzun digute isilik egon behar dugula; ez dugula zaratarik egin behar. Bada, gu ez gara isilduko. Politika ez da soilik Gobernuari dagokion zerbait. Ez dugu gizarte feudalera itzuli nahi. Gauza publikoak eragin egiten digute, eta axola digute. Iritzia emateko eta proposamenak egiteko eskubidea dugu, gizarte demokratikoa nahi eta behar baitugu. Nazkatuta gauzka gobernu honek kritika onartzeko duen ezintasunarekin. Nazkatuta, mugimendu sindikalaren eta gizarte-mugimenduen iritziak gutxiesteko jarreraz”. Era honetan, "Espainiarekin dagoen aldebikotasun bakarra politika antisozialak ezartzeko dela" azpimarratu du.

 

ELAko idazkari nagusiaren aburuz, “gertatzen ari denak agerian uzten du gure arduradun politiko askoren kalitate demokratiko eskasa, agertzen dituzten jokabide gero eta autoritarioagoak. Patronalari sekula ez diote esaten isiltzeko. Amaitzeko, beste kontu bat: Donald Trump eta horrelako pertsonaiek ez dute euskal autoritarismoa hobea egiten”.

Ondoren, manifestazio batek Gasteizeko kale nagusiak zeharkatu ditu: Mendizorrozan bertatik hasita Eusko Legebiltzarreraino. Bertan bihar 19:00tan Garoñaren zentral nuklearraren aurka Gasteizen egingo den manifestaziora joateko gonbita luzatu da.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ere azpimarratu nahi du datozen asteetan hainbat ekimen garrantzitsu egongo direla: esaterako bihar hamargarren Asanblada orokorra egongo da (Aldabe Zentro Zibikoa, Gasteiz, 10:30), eta apirilaren lehenean eskubide sozialen aldeko manifestazioa egingo da Bilbon. (17:30, Jesusen Bihotza).