%45erainoko soldata igoera Arabako sorosle eta kirol-monitoreentzat

2017/07/28
Arabako sorosle eta kirol-monitoreen kolektiboak ontzat eman du ELAk, LABek eta CCOOk sektoreko enpresekin iritsi duten akordioa; ondorioz, bost egun iraun dituen greba amaitu egin dute. Akordioari esker ordainsaririk apalenetan %45eko igoerak aplikatuko dira.

450 sorosleak eta igerileku zein Ullibarri-Ganboako urtegiko sorosle eta monitoreak uztailaren 23tik hona zeuden greban; hilaren 31ra arte jarraitzeko asmoa zuten, baina atzo, ia sei orduko bileraren ondoren, sindikatuak eta patronala ados jarri ziren. Gero langileen asanbleak onartu egin zuen akordioa.

Akordioa medio lau langile kategorietan izango dira soldata igoerak, eta gutxien irabazten dutenek %45eko hobekuntza izango dute. Igoerak mailaka aplikatuko dira datozen hiru urteetan. Sektoreko lan-hitzarmena 2009tik hona bloketatuta zegoen.