Zeuk ere bizkarra emango al diguzu Emakunde?

2017/07/19
Bizkaiko erresidentzietako langileek Emakunderi bilera eskatu zioten euren gatazkaren nondik-norakoak azaldu eta elkartasuna eskatzeko. Izan ere, lan gatazka baten mugak aspaldi gainditu zituen arazo sozial baten aurrean izanik, eta, batez ere, gatazka feminizatu baten aurrean izanda, Emakunderen aldetik elkartasun keinua eskatu nahi zioten. Erantzuna, ordea, oso bestelakoa izan zen: agenda arazoak argudiatuta, bilerari muzin egin. Horren aurrean, zahar egoitzetako langileek agiria kaleratu dute.

Langileen agiria

Bizkaiko zahar-etxeetako langileen gatazka kale eta plazetara iritsi da; bide batez jende askoren kontzientziak ere astindu ditu. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da gatazka soziala dugula hau, ohiko lan gatazkaren mugak aspaldi gainditu zituen gatazka, hain zuzen ere. Zaintza da jokoan dagoena, betidanik emakumeok egin izan dugun lana alegia, inolako ordain sozial eta ekonomikorik gabekoa.

Bada, Bizkaiko zahar-etxeetako emakume langileok tinko ari gara lanean zaintzaile rola geure gainetik kentzeko; esparru pribatua atzean utzi eta arlo publikora jo dugu; kaleak hartu ditugu zaintza ere lana dela ozen aldarrikatzeko.

Greba batek 200 eguneko langa gainditu duenean gero eta jende gehiagoren jakinmina pizten du, baita elkartasuna piztu ere. Halere, harritzekoa bada ere, gure ekitaldietan ez dugu Emakumearen Euskal Erakundearen, alegia, Emakunderen ordezkari bat ere ikusi; ekitaldi mordoa egin dugu, gainera. Baina Emakundek ikusi al gaitu? Edo zuek ere ez gaituzue ikusten?

Honako hau gatazka feminizatu bat da (sektoreko plantillaren %90 emakumeak gara). Grebaren zergatia sinplea da: enpresaburu askok ez gaituzte behargin gisa ikusten, emakume, eta, hartara, zaintzaile natural gisa baizik, eta horrek “negozio” hau etekin handiak metatzeko bide bihurtzen du. Emakunderentzat gai hau ezaguna izan beharko litzateke, aspaldi baitabil sexu-segregazioa salatzen. Nola liteke segregazioa oro har salatzea eta kasurik konkretuenetako batean, Bizkaiko erresidentzienean, beste aldera begiratzea?

Beraz, Emakundek babesik ematen ez digula ikusita, greban gauden Bizkaiko zahar-etxeetako langileok bilera bat eskatu genion, gure borrokaren arrazoiak bertatik bertara azaltzeko. Izaskun Landaida Emakunde zuzendari nagusiak telefonoz erantzun zigun agenda beteegia duela.

Egia esan, beste erantzun bat espero genuen, baina antza denez botere publikoentzat eta, bereziki, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatu beharko lukeen erakundearentzat ez da lehentasuna 5.000 langilek osatzen duten kolektiboak pairatzen duen lan- eta bizi-prekarietatea.

Badirudi greba hau hain gogorra izanda ere, -patronala ez dago negoziatzeko prest eta Bizkaiko Aldundiak bere ardurari muzin egin dio patronalaren alde lerratuz-, ez dela nahikoa Emakundek aintzat har dezan.

Beste behin ere, aurreko lan gatazka batzuetan gertatu izan den bezala, Emakundek dio ez duela gai honi buruzko eskumenik, bai ordea borondate politikorik. Haatik, langileok zalantzan jartzen dugu borondaterik ere ote duen.

Oraingoan ere kezkaz bizi dugu genero-berdintasuneko politikari ematen zaion lekua. Lehentasunezko politika izan ordez, bigarren mailara pasatzen dute, lehentasuna azpiegitura handiei ematen baitzaie: Abiadura Handiko Trena edo Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusiak baieztatu zuen bezala “Rontegi” berri bat egiteko asmoa… Euren politikekin gutxiengoaren mesedetan jokatzen dute, gehiengoaren beharrizan sozialak alde batera utzita.

Zoritxarrez, gizonezko talde txiki baten interesak -enpresa eta partikular diren aldetik- lehenesten dira, administrazioaren eta Bizkaiko Aldundiak azpikontratatutako enpresen arteko (LARES, GESCA, ELBE) harreman klientelarra nagusituz.

Beraz, “eskerrik asko” Emakunde, gu berriro ere baztertzeagatik. “Eskerrik asko” zure zilegitasuna galtzeagatik eta emakumeen eskubideak bermatzeko eginkizuna zalantzan jartzeagatik.

Guretzat oso gogorra den arren, “eskerrik asko” bake sozial honi eusteagatik: egoera honetan ez dago ezer mugitzerik; emakume gaiztook kriminalizatu egiten gaituzte eta ez digute aitortzen gure lan- eta bizi-baldintzetan eragiteko subjektu izaerarik.