Akordio handi batek amaiera eman dio Gipuzkoako errepideen mantentze-lanen grebari

2017/01/17
315 egunez greban egon ondoren, Gipuzkoako errepideak mantentzeko hiru UTEetako langileek hiru akordio lortu dituzte. Prentsaurrekoa egin dute gaur Donostian akordioen xehetasunen berri emateko.

Iragan asteko ostiral arratsaldean sinatu zituzten ELA eta hiru enpresetako zuzendaritzak akordioak eta langileek hamar hilabete baino gehiago iraun duen greba bertan behera uztea erabaki zuten.

315 egunez luzatu den grebaren ostean, langileek  hiru akordio lortu dituzte. Gaur egin dute prentsaurrekoa langileek hamar hilabete baino gehiago iraun duen greba bertan behera uztea erabaki zuten.

Akordioen edukiak, laburbildurik, hauexek dira:

  • Hiru enpresa-hitzarmen lortzea.

  • Akordioak 2019ko abenduaren 31ra arte indarrean izatea.

  • Lan-erreformetatik blindatzea, hurrengo puntu hauek jorratuz: hitzarmena salbuesteko aukerak, aurrera-eragin mugagabea, lan-baldintzak nabarmen aldatzea...

  • Zerbitzutik eratorritako lan-baldintzak UTEek bereganatu eta onartzea: asteburuetako lana, gaueko lana, errepideetan jardutea...

  • Soldata-igoera nabarmenak. Kategorien eta beste xehetasun batzuen arabera igoerak %9 eta%11 bitartekoak dira.

ELAREN BALORAZIOA

  • Adostu diren edukiak garrantzitsuak dira. Hemendik aurrera gure ezaugarriak hitzarmenean islatuko dira, eta enpresak behartuta egongo dira betetzera. Soldata-igoera nabariak izango ditugu, lan-erreformak kanpo utziz.

  • Gipuzkoako errepideak zaintzeko langileon borroka eredugarria izan da. Sektore horretako langileak, gainera, hiru UTEtan banaturik daude; baina talde trinko baten modura bildu dira borroka horren ingurura.

  • Hamar hilabeteko grebari eutsi ahal izateko, ezinbestekoa izan da langileek agertu duten adorea eta indarra. Era berean, lagungarri gertatu da beste sektoretako ordezkariek erakutsi duten elkartasuna eta, bide batez, ELAren erresistentzia-kutxaren babesa.

  • Oraingo garaipen hau denentzako adibidea izan daiteke, lan-baldintzak hobetzeko modu bakarra borroka kolektiboa da. Berriz ere ikusi dugu BORROKAK MEREZI DUELA.

  • Eskerrak ematen dizkiogu Gipuzkoako jendarteari, borroka honen arrazoiak ulertzeagatik. Zerbitzu hau, publikoa izan arren, modu prekarioan azpikontratatu da, eta herritarrak izan dira hainbat hilabetez greba jasan behar izan dutenak.

     

GREBA BUKATU DA, BAINA EKINEAN JARRAITU BEHAR DUGU

Bestalde, bada oraindik lotu beharreko kontua: Aldundiak aurrerantzean egingo dituen baldintza-orrietan hitzarmenen edukiak jasotzea. Gure ustez horrek ez du zertan arazo izan, eta hurrengo asteetan konpondu beharko da. Horretarako, aldundiari biltzeko deia egingo diogu aurki.

 LORTU DUGU!!!