Akordioa Trapagako zahar-etxean

2017/07/21
Akordioak onura ugari suposatuko dizkie langileei; akordioak berriro ere erakusten du zuzendaritza batzuk ez daudela ados patronalaren estrategiarekin.

Trapagako zahar-egoitzako ELAko ordezkariak eta EULEN enpresako zuzendaritzak akordio bat lortu dute. Modu honetan amaitu egin da zahar-egoitza honetako greba. Lorturiko akordioak honako edukiak ditu:

  • 35 orduko lan-astea.
  • %10tik gorako soldata-igoera; langile hauek 2016an hitzarmen sektoriala baino 271 euro gehiago jasoko dute hilero, 2017an 327 euro gehiago hilero eta 401 euro gehiago 2018an.
  • Gaixotasun arrunta eta lan-istripu edo lanbide-gaixotasunen kasuetan %100eko estaldura lortu da.
  • Gai sozialetan hobekuntzak; esaterako ospitaleratzea eskatzen ez duten ingresoengatik ordaindutako baimenak edo 16 urterarteko jardunaldi murrizketa legezkotze zaintzagatik.
  • Akordioan erreforma-aurkako klausulak ere sartu dira, besteak beste, inaplikazioarena.
  • 3 urteko indarraldia.
  • Hitzartu ez den guztirako, Bizkaiko Sektore Hitzarmena aplikatuko da.

Akordioak argi eta garbi uzten du akordioak lortzea borondate eta edukien kontua dela; posible da sektoreak duela urtebete baina gehiago bizi duen gatazkarekin amaitzea.

ELAk salatzen duenez, patronalek eta Aldundiak aho betean sektore-hitzarmenaren aldeko apustua egiten dutela esaten badute ere, konponbide bila ibili beharrean, egin dituzten ahalegin guztiak greba indargabetzeko eta gatazka ezkutatzeko izan dira. Sektore-hitzarmenaren akordioa blokeatzea eta oztopatzea besterik ez dute egiten. Esaterako, azken bilera egin zenetik hilabete asko pasa dira, eta grebalariek abuztu osorako greba deialdi berri bat egin behar izan dute.

Akordio honek argi erakusten du egoitza batzuk ez datozela bat sektoreko patronalek daramaten blokeo-estrategiarekin, eta agerian utzi du ez dela egia patronalek esandakoa, hots, eskaturiko edukiak onartezinak direla.

ELAk berriro adierazten du sektore-hitzarmenaren alde dagoela, eta beste behin ere eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari esku hartzeko, sektore-akordioa lortze aldera; baina blokeo-egoerak bere horretan jarraitzen badu, ELAk ez du baztertzen Gipuzkoan gertatu dena hemen ere gertatzea. Gipuzkoako egoitzetako %90etan enpresa-hitzarmena dute. ELAk gogoratzen du Gipuzkoako patronalek, LARES eta ADEGI barne, sektore-hitzarmena blokeatu zutela, baina patronal horiei elkarturiko enpresek enpresa-hitzarmenak sinatu zituztela, patronalen gomendioei jaramonik egin barik.