Arcelorreko langileek atzoko istripu larria salatu dute

2014/06/04
Zumarragako Arcelor enpresan atzo arratsaldean gertatu zen istripua salatzen du ELAk. Istripu berri horren ondorioz M.A. langilea, 34 urtekoa, hil zen orga jasotzaile batek harrapaturik. Langileek 24 orduko lanuztea egin dute istripua salatzeko.

Aurten, Hego Euskal Herrian badaramagu 16 langile hilda lanpostuetan; eta Gipuzkoan, zehazkiago, 5 izan dira hildakoak. Nabarmendu beharrekoa da azken bi hilabeteotan enpresa horretan hiru istripu gehiago gertatu direla, hirurak oso larriak. Langileek erabiltzen dituzten makinak oso zaharrak dira, eta istripuak izateko arriskua, beraz, handiagoa da. Enpresak ez du benetako ahaleginik egiten ezbeharrak saihesten, ez du neurri egokirik hartzen; eta istripuak etengabe errepikatzen dira.

Berriro azpimarratu behar dugu lan-prekarietatea dela langileen ezbeharren tasa handiaren arrazoi nagusia. Lan-merkatuaren oraingo egoerak sekulako eragina du segurtasun eta osasunaren arloan. Enpresek ez dute inbertitzen segurtasun-neurrietan, ez dituzte betetzen indarrean dauden arauak. Hori horrela, ez-betetzeen eta neurririk ez hartzearen ondorioz langileen bizia arriskuan jartzen da.

Lan-ezbeharren egoera hobetuz doala herri-erakundeek urterik urte errepikatzen badigute ere, gu gezurtatzeko beharrez gaude. Enpresen eta Administrazioaren lehentasunen artean gai hori ez dagoela bistan dago, ez da gai garrantzitsua. Datuek argiro frogatzen dute hori hala dela. Egoera horri aurre egiteko proposatzen diren neurriak ez dira nahikoak ezbeharren benetako arrazoietan eragiteko.