Auzitegiak ELAri eta LABi aitortzen die Osalango informazioa jasotzeko eskubidea

2013/02/15
Bilboko 5. administrazioarekiko auzietarako epaitegiak, 2012ko abenduaren 29an eman duen epaian, ELAri eta LABi Osalandik beren ekintza sindikala egiteko beharrezkoa den informazioa jasotzeko eskubidea aitortu die, erakunde honetako Kontseilu Nagusian partaidetza etenda badute ere.

1.- ELAk eta LABek erabaki zuten 2010eko uztailaren 5etik aurrera Osalango Kontseilu Nagusiko parte hartzea etetea, ondorio guztietarako eta epe jakinik gabe, “partaidetza horrek balioren bat duela bermatzen ez den artean; batetik, edukiei dagokienez, eta bestetik, euskal gehiengo sindikalaren iritzia aintzat hartzeari dagokionez, lan-segurtasun eta -osasun gaietako politika publikoak erabakitzerakoan”. Gogora dezakegu erabakia hartzeko arrazoien artean Osalan lan-osasun eta -segurtasuneko estatu-eredura makurtu izana zegoela, horrela eredu propio bat baztertuz, eta Eusko Jaurlaritzak gai honetan elkarrizketa sozialeko mahaiaren alde egin izana, Osalan bera edukirik gabe uzten zuelarik.

2.- ELAk eta LABek uste dute parte hartzea eteteak ez duela inondik ere esan nahi uko egiten zaienik Osalango Kontseilu Nagusian dagozkien bokalei. Gainera, bi sindikatuek hasieratik aldarrikatu zuten erakunde honetatik informazioa jasotzeko eskubidea zor zitzaiela, lan-osasunarekin zerikusia zuen ekintza sindikala egin ahal izateko. Horrenbestez, Osalango zuzendaritzari behin eta berriz eskatu zioten, hitzez zein idatziz, informazio hori (plan estrategikoa, jardueren memoria, plan de gestión, convocatorias y actas...).

3.- Eusko Jaurlaritzaren agindu politikoei jarraiki, Osalango zuzendari izan den Pilar Collantesen jarrera ELAri eta LABi Osalango Kontseilu Nagusiko funtsezko informazio oro ukatzea izan zen.

4.- Jokabide horrek askatasun sindikala larriki urratzen zuela uste zutenez, sindikatuok auzitara jotzea erabaki zuten ukatzen zitzaien informazioa bide judizialetik eskatzeko.

5.- Orain eman den epaiak, zeina finkoa baita errekurtsorik sartu ez delako, arrazoia ematen die ELAri eta LABi, eta ebazten du Kontseilu Nagusiko parte hartzea epe jakinik gabe eteteak ez duela esan nahi Osalango Kontseiluko kide izateari uko egiten zaionik, eta horregatik beren eginkizunak betetzeko beharrezko diren datuak eta dokumentuak eskatzeko eskubideak oso-osorik mantentzen direla. Hots, ELAk eta LABek Kontseilu Nagusiko kide izatearekin lotutako eskumen guztiak dituzte, besteak beste, lan-osasuneko jarduera sindikalerako beharrezko diren Kontseiluaren datu eta dokumentuak eskuratzeko aukera.

6.- Beraz, ELAk eta LABek Jaurlaritzari eta Osalango zuzendari berriari eskatzen diote epaia bete eta urratutako eskubideak aintzat har daitezela, betiere orain arte ukatu zaien informazioa eskuratzeko bermatuz.