BBK Gizarte Ekintza Fundazioaren Hitzarmen Kolektiboaren aurreakordioa sinatu du ELAk

2017/07/13
ELAk sinatutako akordioak bermeak eskaintzen ditu lan-erreformaren aurrean babestua egoteko. Era berean, baditu bestelako onura esanguratsu batzuk ere: lanpostuak bermatzen dira, KPIari lotutako soldata igoerak biltzen dira eta azpikontratazioa arautzen da. Hauek, besteak beste, lan-erreformari aurre egiteko Hitzarmenak biltzen dituen klausuletako batzuk: 36 hileko ultraaktibitatea, hitzarmena beteko denaren bermea, KPIari lotutako soldata igoerak eta aurrez erretiratzeko baldintza onak 1956, 1957, 1958 eta 1959. urteetan jaiotako pertsonentzat.

ELAk langileen lan-baldintzak 4 urtez (2017-2018-2019-2020) arautuko dituen BBK Gizarte Ekintza Fundazioko hitzarmen Kolektiboa sinatu du.

Hitzarmenean beste konpromiso bat hartu da: hitzarmenak indarrean dirauen bitartean 85 lanpostu bermatuko dira eta 17 kontratazio berri egingo dira. ELAk kezkaz bizi du azken urteotako Ekintza Sozialaren desmantelamendua. Begi onez ikusten du, ordea, enplegua eta kontratazio berriak egiteko konpromisoa biltzen dituen klausulak.

Hitzarmen honetan bada azpimarratzeko moduko beste gai bat: azpikontratazioa arautzen da; Gizarte Ekintzarentzat azpikontratatuta lan egiten duten pertsonen subrogazioa bermatzen da (kasu bakoitzean indarrean den hitzarmen sektorialaren baldintzak aplikatuko dira). Hitzarmen honetan subrogazioari buruz ezarritakoa bazen ELAren helburua administrazio publikoetako azpikontratazioetarako ere. Gogora dezagun, sindikatuak eginiko proposamen hori bertan behera utzi zuela Legebiltzarreko gehiengoak. Horren ordez, enpleguaren kalitatea kaltetu besterik egin ez duen politika garatzen jarraitu du Jaurlaritzak, murrizketetan oinarritutako politikak, hain zuzen ere. Hori dela eta, ELAk modu positiboan baloratzen du BBKko Ekintza Soziala Fundazioan subrogazio arautu izana.

ELAk berretsi egiten du negoziazio kolektiboa benetako edukiekin egin behar dela, benetan aplikatuko dela bermatuz.