Bilboko Miravilla zahar-etxean lortutako akordioa sinatu du ELAk

2017/06/30
Hitzarmenaren akordioan jasotako onurak: 35 orduko lanaldia, 180 euroko soldata-igoera, asteburuetako plusak hobetzea, eta lan-istripu eta gaixotasunen bajetan %100. Horren bidez greba amaitu da egoitza horretan. Gaur sinatu du ELAk akordioa Bilboko Miravilla enpresako zuzendaritzarekin.

Enpresa Batzordeak, ELAko 5 ordezkariz osaturikoak, eta Bilboko Miravilla enpresako Zuzendaritzak aurre-akordio bat lortu zuten PRECOn ekainaren 5ean, eta horrela amaitu zen zahar-egoitza horretako 80 langileetako gehienek egin izan duten greba.

Alderdi biek lorturiko akordioaren puntu nagusiak:

- 4 urteko indarraldia.

- %14tik gorako soldata-igoera, honela gauzatzekoa: 2016an 350 euroko ordainsari ez finkagarria, 2017an 50 euroko igoera lineala hilean, 2018an 50 euroko igoera lineala hilean, eta 2019an 80 euroko igoera lineala hilean.

- Lanaldian 100etik gorako murrizketa egingo da arian-arian, eta azkenean 2019ko lanaldia 35 ordukoa izango da. Gainera, igandeetako plusak %50 hobetu dira, eta lan-istripu edo lanbide-gaixotasunen kasuetan %100eko estaldura lortu da.

- Akordioan erreforma-aurkako klausulak ere sartu dira, besteak beste, inaplikazioarena, eta hitzartu ez den guztirako, Bizkaiko Sektore Hitzarmena aplikatuko da.

ELBEri elkarturiko egoitza horretako oheen %70 inguru aldundiak diruz lagundurik daude, eta ia hamar ohe hutsik eduki arren, eta etekinak beste egoitza batzuetakoak baino txikiagoak badira ere, akordioa egin ahal izan du batzordearekin. Argi eta garbi dago, beraz, akordioak lortzea borondate eta edukien kontua dela.

ELAk salatzen duenez patronalek eta Aldundiak sektore-hitzarmenaren aldeko apustua egiten dutela aho betean esaten badute ere, sektore-hitzarmenaren akordioa blokeatzea eta oztopatzea besterik ez dute egiten.

Akordio honek argiro erakusten du egoitza batzuk ez datozela bat sektoreko patronalek daramaten blokeo-estrategiarekin, eta agerian utzi du ez dela egia patronalek esandakoa, hots, eskaturiko edukiak onartezinak direla.

ELAk berriro adierazten du sektore-hitzarmenaren alde dagoela, beste behin ere eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari esku hartzeko, sektore-akordioa lortze aldera; baina blokeo-egoerak bere horretan jarraitzen badu, ELAk ez du baztertzen Gipuzkoan gertatu dena hemen ere gertatzea. Gipuzkoako egoitzetako %90etan enpresa-hitzarmena dute. ELAk gogoratzen du Gipuzkoako patronalek, LARES eta ADEGI barne, sektore-hitzarmena blokeatu zutela, baina patronal horiei elkarturiko enpresek enpresa-hitzarmenak sinatu zituztela, patronalen gomendioei jaramonik egin barik.