Bizkaiko erresidentzietako langileak Maiatzaren Leheneko manifestazioaren lehen lerroan izango dira

2017/04/24
ELAk oinak lurrean ditu, eguneroko murrizketa eta soldata zein lan baldintza gero eta okerragoak pairatzen dituztenekin gaudelako. Horixe da aurtengo leloaren gakoa. Langile asko antolatzen ari dira, bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko. Horren adibiderik agerikoena Bizkaiko erresidentzietan dago, beste askoren artean, baina kasu honetan gainera emakumeen protagonismo nagusiarekin, genero berdintasunaren aldeko borroka uztartuz.

Izan ere, etzi, hilak 26, greba deialdi berria hasiko da Bizkaiko zahar-etxeetako langileentzat. Beste lau astez grebara deitu dituzte. Azken urtean, guztira, 160 egunez egin dute greba.

Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusia, Ivan Gimenez, Komunikazio arduraduna eta zahar-etxeetako langileek hartu dute parte gaur goizean Maitzaren Lehenerako sindikatuak prestatu dituen ekitaldien berri emateko agerraldian. Sindikatuak egun hau eta erresidentzietako borroka uztartu nahi izan ditu.

Aurtengo Maiatzaren Lehenean ELAk bere autonomia sindikala eta gauzak aldatzeko eskubidea defendituko ditu, iaz bezala, bi manifestazio konfederaletan: Bilbon (11.45ean, Jesusen Bihotzetik) eta Iruñean (Gurutze plazatik, 12etan).

Aurten ere, ELAren autonomia aldarrikatu behar da, langileen defentsan esparru sozial, politiko eta ekonomikoak kontuan hartu behar direlako ere, ezinbestean; sindikatuak esparru horietan ere eragiteko beharra dauka, Euskal Herri justuagoa eraikitzeko. Helburu berarekin, jendea kalera aterako da Maiatzaren Lehenean.

ELAk oinak lurrean ditu, eguneroko murrizketak eta soldaten zein lan baldintzen okertzeko joera pairatzen dituztenekin gaudelako. Horixe da aurtengo leloaren gakoa. Langile asko antolatzen ari dira, bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko.

 

Ikusi bideoa