Bizkaiko udal erresidentziak: %60ko behin-behinekotasuna eta pribatizazio arriskua

2017/05/10
Bizkaiko udal erresidentzietako behin-behinekotasuna eta pribatizazio-arriskua ikaragarri handia da. Gizarte zerbitzuen Legek sorturiko ezjakintasunaren aurrean, ELAk, Bizkaiko Foru Aldundiari eta EUDELi bilera eskaera luzatu dio. Eskaera hauek ez dizkigute erantzun eta udal erresidentzien defentsan mobilizatuko da.

Bizkaiko udal erresidentzietako behin-behinekotasuna eta pribatizazio-arriskua oso larria da. Eusko Legebiltzarrak, 2008an onartu zuen Gizarte Zerbitzuen legea. 12/2008 lege hau eta zerbitzuen karteraren garapenak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalerriek konpetentziak ordenatu behar zituztela esaten zuen, legeak esaten zuenaren baitan. 

Udal erresidentziei dagokienez, erresidentzien titularitatea Foru Aldundiari egozten zion eta titularitate aldaketa hau (eta aurrekontu banaketa) egiteko urtebeteko epea ematen zuen Legeak, 2009ko abendura arte. Gaur egun, oraindik egin gabe dago hau. Gainera, 2016ko abenduaren 26rako Bizkaiko gizarte zerbitzuen mapak eta karterak definituta egon beharko luke.

Informazio falta eta sortutako zalantzak ikusita, ELAk, bilera bana eskatu zien otsailean bai Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Foru Diputatuari eta baita EUDELeko ordezkariei ere, udal erresidentzien gainean instituzioek dauzkaten berriak jasotzeko eta ELAren ikuspuntua helarazteko. Bilera eskari horiei erantzunik ere ez dugu jaso.

Bizkaian gaur egun, 13 udal erresidentzia daude, non 500 langile inguruk lan egiten duten. Hauetako 4 erresidentziatan jadanik ez dago udal langilerik, kudeaketa pribatizatua dago.

Azken urteetan, udal erresidentziatan ere, enpleguak prekarizazio handia jasan du. Udalhitz, sektoreko hitzarmenak, behin behinekotasuna %6ra mugatzen badu ere, bataz-beste %60tik gorakoa da udal erresidentziatan. Gainera, aldi baterako kontratuak lan partzialak eta orduzkako kontratuak asko areagotu dira. Sektoreko hitzarmena ez da aplikatzen erresidentzia hauetako batzutan.

ELArentzat, udal erresidentziatako langileek eskaintzen duten zerbitzua oinarrizkoa da. Hau da gure ikuspuntua:

 

 

Zerbitzu publikoa bere osotasunean. Bai titularitatean, baita kudeaketan ere.

Kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatzea.

Erresidentziatako langileentzat lan baldintza duinak.

Erresidentziatako lan hitzarmena bere osotasunean betetzea.

Enplegu prekarioari STOP.

Azken urteetako murrizketei buelta ematea.

 

ELArentzat, langileen mobilizazioa ezinbestekoa da. Udal erresidentzian, enpleguaren eta langileon lan baldintzen defentsan, EUDELen egoitza aurrean mobilizazioa egingo dugu datorren maiatzaren 10ean 11:30etan eta gero Bizkaiko Foru Aldundiraino manifestazioa egingo dugu.