Bizkaiko zahar-egoitzak: 4 aste gehiago greban

2017/04/07
ELAren Zerbitzu Juridikoak aztertzen ari dira bi prozesu judizial hastea aldundiaren aurka; bata, greba-eskubidea urratzeagatik, eta bestea, funts publikoak bidegabeki erabiltzeagatik. Apirilaren 26an hasiko da eta, besterik ezean, 4 astez luzatuko da gutxienez. Gogoratu beharrekoa da orain arte 150 greba-egun eginak ditugula.

Bizkaiko zahar-etxeetako langileek Aldundiaren aurrean irakurritako agiria:

 

Bizkaiko egoitzetako ELA-ordezkariok, atzo batzarrean bilduta, erabaki dugu, lan- eta gizarte-gatazka blokeo-egoeran dagoenez, beste greba-deialdi bat egitea. Apirilaren 26an hasiko da eta, besterik ezean, 4 astez luzatuko da gutxienez. Gogoratu beharrekoa da orain arte 150 greba-egun eginak ditugula.

 

Greban gauden langileok gure haserrea agertu nahi dugu Gizarte Ongizateko diputatuak asteazkenean egindako adierazpenengatik. Izan ere, batetik, greba-egunetan enpresei soberaz ordaindutakoa itzultzeko eskatuko dietela iragarri zuen; eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak agindutako gutxieneko zerbitzuak errekurritzeko asmoa jakinarazi zuen.

Aldundiak iragarri dituen bi ekimen horien aurrean, greban gauden langileok adierazten dugu:

 

1.- “Bidegabeko kobrantzak” itzultzeko erreklamazioa iragartzeak berak argi eta garbi erakusten digu Bizkaiko Foru Aldundiaren axolagabekeria, gatazka osoan zehar erakutsi duena. Erreklamazio hori iragarri orduko, urtebete eman dugu gatazkan eta 150 egun baino gehiago greban. Otsailean sindikatuek, erabiltzaileek eta horien senideek bidegabeko ordainketa horiek salatu zituzten, eta “aztertuko zutela” erantzun zuten, baina orain arte ez dute ezer egin.

 

Aldundiak modu axolagabean jokatu du —enpresek eman ez duten zerbitzua ordaintzeagatik—, eta horren ondorioz enpresek diru gehiago irabazi dute (gure datuen arabera 5 milioi euro baino gehiago).

 

ELAren Zerbitzu Juridikoak aztertzen ari dira bi prozesu judizial hastea aldundiaren aurka, egintza horiek direla-eta. Gure ustez, aldundiak enpresa emakidadunei dena ordaintzen jarraitzeak baditu bere ondorioak, denak kaltegarriak: funtsezko greba-eskubidea urratzearen zantzu argia du (enpresak ustez bidegabeki aberastea), grebaren eraginkortasuna nabarmen gutxitzea (greba funtsezko edukirik gabe geratzen baita), eta funts publikoak bidegabeki erabiltzearen ustezko delitua.

 

2.- Aldundiak, halaber, gutxieneko zerbitzuen dekretua errekurritzeko erabakia jakinarazi zuen. Aldundiko arduradunek gogaitu arte errepikatu dute oso era zinikoan ez direla gatazkaren alderdi, gatazka hori “enpresen eta langileen” artekoa dela. Hala ere, greba indargabetzen eta sektorearen egoera larria ezkutatzen ahalegindu dira. Gatazka konpontze aldera, zerbitzua eta lan-baldintzak duindu beharrean, beste edozein gauza egiteko prest egon dira.

 

Gogoratu beharrekoa da Eusko Jaurlaritzak birritan zabaldu dituela gutxieneko zerbitzuak, eta horrela de facto langile asko greba-eskubiderik gabe utzi ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren bigarren dekretua, jarduera batzuetan gutxieneko zerbitzuak zabaldu zituena, ELAk errekurritu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu zuen, greba-eskubidea larriki urratzen zuelakoan.

 

Azkenik grebalariok adierazi nahi dugu borrokan jarraituko dugula hurrengo eskakizun hauek lortu arte:

 

1592 orduko lanaldia, gure eguneroko lana arintzeko eta egoiliarrentzako arreta-kalitatea hobetzeko.

 

Sektoreko langile guztientzako gutxieneko soldata 1200 eurokoa izatea.

 

Arreta-ratioak hobetzea, Babestuk eta ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari 2016ko azaroaren 17an proposatu zizkion baldintzetan. Harez geroztik hiru hilabete igaro dira, eta ez dugu erantzunik jaso.

 

Baja-estaldurak eta plusak hobetzea.

 

Aldundiak jakin behar du gatazka hau ez dela konponduko, irtenbide bila esku hartzen ez badu. Bene-benetan eta tolesturarik gabe esan behar dugu honela ezin dugula jarraitu.