Bizkaiko zahar egoitzetako greba uztailaren 7ra arte luzatuko da

2017/06/06
Bizkaiko zahar-egoitzetako ELA-ordezkariek, gaur egindako batzarrean, greba luzatzea erabaki dute, eta horrela 200 greba-egun baino gehiago batuko dira. Sektore-hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa ikusita, ekainaren 19an amaitzekoa zen greba-deialdiari jarraipena ematea erabaki dute, eta uztailaren 7ra arte, gutxienez, luzatuko da, lehenago ez bada sinatzen lan-baldintzak arautzen eta hobetzen dituen hitzarmen bat.

Sektoreko hiru patronalek (GESCA, ELBE eta LARES) sektore-hitzarmenaren negoziazioa blokeatuz jarraitu dute, 5.000 langile baino gehiago eraginpean hartzen dituen hitzarmenaren negoziazioa. Bitartean, patronal horiei elkarturiko enpresa batzuk hasi dira lantoki-mailako negoziazioak egiten, beren kabuz, tokian tokiko enpresa-batzordeekin, lan- eta arreta-baldintzak hobetzeko, eta gatazka behingoz bukatzeko. Hala gertatu da, orain dela gutxi, Miravilla egoitzan, non hurrengo puntu hauek adostu diren:

-%14tik gorako soldata-igoera, honela gauzatzekoa: 2016an 350 euroko ordainsari ez finkagarria, 2017an 50 euroko igoera lineala hilean, 2018an 50 euroko igoera lineala hilean, eta 2019an 80 euroko igoera lineala hilean.

-Lanaldian 100 ordutik gorako murrizketa egingo da arian-arian, eta azkenean 2019ko lanaldia 35 ordukoa izango da; otarterako eguneko atsedenaldia lan egindako denboratzat hartuko da. Gainera, igandeetako plusak %50 hobetu dira, eta lan-istripu edo lanbide-gaixotasunen kasuetan %100eko estaldura lortu da.

-Akordioan erreforma-aurkako klausulak ere sartu dira, besteak beste, inaplikazioarena, eta hitzartu ez den guztirako, Bizkaiko Sektore Hitzarmena aplikatuko da.

ELAk, greba-egunekin batera, gatazka gizarteratzeko ekintzak antolatu ditu, eta horren haritik datorren ostiralean informaziorako megakarpa bat instalatuko da Arriaga antzokiko plazan hiru egunetan (ekainaren 9,10 eta 11ean). Megakarpa horretan ekitaldi batzuk egingo dira, aldundiak pribatizaturiko zerbitzu publiko honen gainbehera eta egoera kezkagarria herritarrei erakusteko. Hiru egun horietan, eta gauetan ere bai, grebalariak bertan egongo dira; eta hainbat gizarte-elkartek, auzo-mugimenduk, artistak, musikarik eta kultura-arloko pertsona ospetsuk beren sostengua adierazi dute, eta karpatik azalduko direla baieztatu.