Cabieces kasuko zigorrak pozgarriak dira

2017/03/21
ELAren ustez, Mikel Cabieces, Mario Fernandez eta Rafael Alcorta bidegabeko jabetzeagatik zigortzen dituen epaia argigarria da. Gogoratu, aurrezki-kutxak banku (Kutxabank) bihurtzeko prozesua 2012ko urtarrilean izan zela.

Lehen unetik agindu zuen erakundearen buru Mario Fernandezek Mikel Cabiecesi hiru urtez hilean 5.783 euro ordaintzea (gehi 900 euro bidaia gastuetarako). Rafael Alcorta abokaturen bulegoaren bitartez egin zuen hura.

Ordainketa 2012ko martxoan hasi zen egiten. Mario Fernandezek bere kargua hiru urteko epea bukatu baino lehenago utzi zuenez, 2014ko azaroan erabaki zuen ordaintzeko zeuden hilabeteak aurrez kitatzea. Ez da egiaztatu Cabiecesek Kutxabankentzat egindako lanik, bakar bat ere ez.

ELAk kasu honetan gertatu zen faborezko tratua salatu nahi du. Ildo berean, argi utzi nahi du ez dela hau kasu bakan bat, errealitate baten adibidea baizik: politika eta finantzetako elitearen kideek elkarri babesa ematen diote eta pribilegiozko tratua bermatzen saiatzen dira, batzutan aberasteraino ere. DBE hileko 50 euro murriztea erabakitzen dutenek ez dute lCabiecesi hilero 6.000 eurotik gora ordaintzea justifikatzeko inongo lotsarik.

ELAk bere poza adierazi nahi du epai honengatik. Halere, zalantza du, halako zenbat kasu gehiago izango ote diren. Jokabide honek agerian uzten du botere politikoa botere ekonomikoaren esanetara dagoela.