ELA arriskuen prebentziorako diru funtsen banaketaren aurka azaldu da lan osasunerako Nafar Institutuaren bileran

2012/11/28
Lan Osasunerako Nafar Institutuko Kontseiluaren bilera izan da gaur arratsaldean. Bilerak puntu nagusi bat izan du, hain zuzen ere Lan Arriskuen Fundazioaren diru funtsen banaketa 2012. urterako. ELAk bilera horretan salatu du lan arriskuen prebentziorako funtsak UGT, CCOO eta patronala finantziatzeko erabiltzen direla Nafarroan, langileen lan osasun eta segurtasuna albo batetara utzita.

Eskandalu hutsa da Kontseilu honetan diru funts horien erabilerari buruzko informazioa ematea soilik, aurkeztutako ekintza planak betearazteko inolako kontrolik ezarri gabe. 

CCOO eta UGTk esaten duten gauza bakarra da diru horrekin “lan arriskuen prebentzio alorrean sindikatu hauek egin beharreko aholkularitza eta laguntza teknikoa finantziatuko dutela”.

Inongo kontrolik gabe, CCOO, UGT eta CEN patronalak 153,453,66 euro jasoko dituzte bakoitzak. Hau da, guztira 460,361 euro banatuko dituzte hiruren artean.

Gainera, ELAk bileran adierazi duen bezala, lan arriskuen prebentziorako funtsen banaketak Madrilen erabakitako eredua betearazten du, besterik gabe. Eredu honek porrot egin du, azken urteetan prebentzio arloan milioika euro banatu arren langileen lan osasun eta segurtasunean ez baita inolako onurarik izan.

Horregatik guztiagatik ELAk  lan osasun arloan eredu aldaketa bat eskatu du gaurko bileran. Eredu berri horretan zera aldarrikatzen dugu:

  • Nafarroan kokatutako Lan Istripu eta Gaixotasunen Mutualitateek sortutako funtsen soberakinak Nafarroan bertan gera daitezela, Nafar Institutoaren Kontseiluak berak banatu ahal izateko.
  • Irizpide honetan oinarritzen ez den diru banaketarik ez onartzeko, ezta Estatuan erabakitako ereduak baldintzatutako dirurik ere.