ELA Rafa Diezekin egon da espetxetik irteeran

2017/08/17
ELAk salatzen du Bateragune auziaren bidegabekeria eta berriro bere elkartasuna erakutsiko dio LABeko idazkari nagusi ohiari. ELAren Batzorde Eragilearen ordezkaritza, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren ordekoa buru zela, El Duesoko espetxearen ateetara hurbildu da Rafa Diezekiko sindikatuaren elkartasun osoa adierazteko. Jakina denez, Rafa Diez Bateragune auziak inposatu zion espetxe zigorra bete eta gero aske atera da.

ELAk salatzen du Bateragune auziaren bidegabekeria eta, bide batez, Espainiako Estatuak indarrean duen espetxe politika. Bateragune sententzia jakin zenean, 2012an, ELAk salatu zuen Estatuak bost lagun espetxera bidali zituela jarduera politikoa egiteagatik, eta Euskal Herriko prozesu politikoaren kriminalizazioa zekarrela.

Gaur egun, bost lagun horiek (Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Arkaitz Rodríguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta) kalean daude. ELAren ustez, berri ona bada ere, inoiz ez ziren espetxean sartu behar izan.