ELAk demanda jarri die Bizkaiko 6 zahar-etxeei, gutxieneko zerbitzuak beren kabuz are gehiago zabaltzeagatik

2017/05/04
ELAk demanda jarrri du Bilboko Lan-arloko Epaitegian, oinarrizko eskubideen babesa eskatuz, grebarako eta askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea urratzeagatik. Sei enpresak beren kabuz zabaldu dituzte gutxieneko zerbitzuak, zahar-egoitza horietako langileen %90ak greba-eskubiderik gabe utzi arte.

 

Salaturiko enpresak hauek dira: Jose Maria Azkuna egoitza, Aspaldiko Fundazioa, Bilbozar egoitza, Erruki Etxeko egoitza, Olimpia Bass, Loiu Gurena (azken horrek, gainera, bi langile kaleratu zituen, greba-eskubidea erabiltzeagatik).

ELAk salatzen du bai patronalak, bai Aldundiak greba-eskubiderik gabe utzi nahi dituztela langileak, lan- eta gizarte-arloko gatazka hori indargabetzeko, eta egoitza horietan dagoen egiturazko egoera larria ezkutatzeko.

Egiturazko egoera larri hori —egoitzetako langileek, erabiltzaileek eta senideek salatu ez ezik— Eusko Jaurlaritzak berak ere salatu du. Bizkaiko Foru Aldundiak gutxieneko zerbitzuak zabaltzeko egin duen eskariari erantzunez Eusko Jaurlaritzak zera adierazi du hitzez hitz: “egiturazko egoera horren aurrean —arreta-zerbitzu hori ez baita nahikoa menpeko pertsonak duintasunez artatzeko, jendearen biziraupena gero eta luzeagoa denez—, konponbidea ez da greba-eskubidea gehiago mugatzea, bestela deuseztatuko da”.

ELAk bere demandaren bidez eskatu du gutxieneko zerbitzuak zabaldu dituen alde bakarreko erabaki larri hori etetea kautelaz, langileen greba-eskubidea deuseztatuko duelakoan. Gainera, ELAk kalteak ordaintzeko eskatu du; alegia, patronalaren jokabidearen ondorioz eragindako kalteak ordaintzeko.

Lan-arloko Epaitegian aurkezturiko demandarekin batera ELAk eskatu du Lan Ikuskaritzan langileen greba-eskubidearen babesa erakunde horretatik jagon eta zaindu dezatela.