ELAk demanda jarri dio Bizkaiko Foru Aldundiari, greba eta askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea zahar-egoitzetan urratzeagatik

2017/05/12
Enpresa esleipendunei urtebetez ordaintzen jarraitu du, eskaini gabeko zerbitzu batengatik, eta horrek ondorio larriak ekarri dizkie grebalariei eta zerbitzuko erabiltzaileei. Demanda gaur agurkeztu du ELAk Bizkaiko epaitegian. ELAren datuen arabera, aldundiaren jokabidea dela-eta egoitzetako enpresa titularren etekinak greban zehar, urritu beharrean, hazi egin dira grebari esker, 5 milioi euro baino gehiago.

ELAk demanda bat aurkeztu du gaur Bilboko Lan-arloko Epaitegian, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurka, greba eta askatasun sindikalaren oinarrizko eskubidea urratu duelakoan.

Demandaren zergatia hauxe da: gatazka hasi zenetik BFAk kontzertazio-orrietako diru-kopuru guztiak enpresei ordaintzen jarraitu du, nahiz eta enpresa horiek itunpeko zerbitzua ez eman, greba dela-eta.

BFAk berak —sindikatuaren, erabiltzaileen eta senideen salaketak ikusi ostean— aitortu behar izan du ordainketa horiek bidegabeak izan direla, abonuak egiteko legezko eginbeharrik ez zela, eta bidegabeki ordaindutako diru-kopuru horiek erreklamatu behar dituela. Gure ustez erreklamatu nahi dituen diru-kopuruak askoz txikiagoak dira, Aldundiak enpresei, eman gabeko zerbitzuagatik, ordaindu dizkienak baino. Nolanahi ere, enpresek urtebetez baino gehiagoz hileroko faktura aurkeztu dute (kontzertazio-orrietan ezarrita dagoen bezala), eskaini ez duten zerbitzu batengatik, eta Aldundiak oso-osorik ordaindu dizkie diru-kopuruak.

BFAren jokabide horrek eragin txarra izan du grebaren indarrean, eta egin daitekeen presio-ahalmenean; ondorioz, grebaren eta askatasun sindikalaren eskubidea de facto urratu da, berezko edukirik gabe utzi baitute.

Aldundiaren erabakiari esker enpresek ez dituzte inola ere jasan grebaren berezko ondorioak, eta horrek eragina izan du grebaren iraupenean. Edonola ere, gatazkan dauden alderdien kalteen proportzionaltasuna hautsi du; alderdietako bati, enpresen alderdiari alegia, zuzenean mesede egin baitio.

ELAren datuen arabera, aldundiaren jokabidea dela-eta egoitzetako enpresa titularren etekinak greban zehar, urritu beharrean, hazi egin dira grebari esker, 5 milioi euro baino gehiago.

BFAk, enpresei diru-kopuruak ordaintzeaz gain, ahalegin guztiak egin ditu greba indargabetzeko, eta sektorearen egoera larria ezkutatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak eta patronalek eskueran izan dituzten baliabide guztiak —legezkoak eta legez kanpokoak— erabili dituzte, gutxieneko zerbitzuak zabaltzeko, eta bi bider zabaldu dituzte, langile asko greba-eskubiderik gabe utziz.

ELAk salatu duenez Aldundiak ez du batere borondaterik erakutsi gatazkan esku hartzeko, zerbitzuaren kalitatearen erantzulea izan arren, eta okupaturik dauden 7.500 plazetatik 5.500 baino gehiago finantzatzen baditu ere. Alde horretatik, gogoratu beharrekoa da Eusko Jaurlaritzak berak ere adierazi duena: Bizkaiko zahar-egoitzetako pertsonalaren gabeziak egiturazkoak direla, eta pertsonal horrekin ezin dela duintasunez artatu menpeko pertsona guztiak.