ELAk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio inplika dadila Cel taldearen etorkizun industriala bermatzeko

2017/06/28
Cel taldeko langileak gaur Abellanedako Batzarretxearen aurrean bildu dira, bertan ospatzekoa zen kontrolerako osoko bilkura zela eta. Batzar honetan Imanol Pradales garapen ekonomikorako diputatuari galdera bat luzatu zaio: ea Cel taldearen etorkizun industriala bermatzeko zer egiteko asmoa duen.

Taldea egoera larrian dago, joan den astean hartzekodunen konkurtsoa eskatu baitu Gasteizko Merkataritza arloko Auzitegian. Egoera honetan Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak ardura handia dute, lehena duela hilabete arte akzioen %40aren jabe baitzen; Aldundiarena da, berriz, makina eta pabilioien zati bat. Beraz, argi dago erakundeok ere irtenbidean parte hartu behar dutela.

Batzarraren aurretik izan den hitzorduan, langileen ordezkariek eta ELAk Diputatuari eskatu diogu lehenbailehen inplika dadila bere esku dauden lantegiak berriro martxan jar daitezen; orain geldirik daude argindar hornidura etenda dagoelako.

Pradales diputatuak adierazi digu ez dagoela lasai taldearen egoera zaila ikusita, eta prest dagoela irtenbide bat bilatzeko lan egiteko; hau are premia handiagoa da kontutan izanik eskualde honetan dagoela Euskal Herriko langabezia tasarik altuenetakoa.

Beharginen eta eskualdeko biztanleen kezka handia delarik, bertoko udaletan mozioak ari dira bozkatzen -talde politiko guztien babesaz- langileekiko elkartasuna adieraziaz eta hitz emanaz Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin lan egingo dutela.