ELA Palestinan izan da misio sindikal baten parte hartzeko

2017/03/21
Martxoaren 5etik 11ra bitartean ELAk Palestinara egindako misio sindikal batean parte hartu du, beste erakunde batzuekin elkarlanean: FGTB (Belgika), CGT (Frantzia), CGIL (Italia), CSN (Quebec), CUT (Brasil), Solidarity Center (AEB), USO eta CCOO (Espainiar Estatua) eta CIG (Galiza). Bertan bizi izandakoa kontuan hartuta irmo adierazi nahi dugu Israelen okupazioak bizimodu normala egitea galarazten diela palestinarrei, euren ekonomia itotzeaz batera.

Palestinan izan da ELA beste sindikatu batzuekin batera. Aipatutako egunetan sindikatu horien ordezkariek bilerak egin dituzte hainbat sindikatu palestinarrekin (PGFTU, Sindikatu Independenteen Federazioak, Tulkarengo Sindikatu Palestinarren Federazio Berria eta Maisuen Federazio Independentea), baita Israelen lan egiten duten palestinarren eskubideen alde diharduten erakunde israeldarrekin ere(WAC MAAN, gidarien sindikatua, edota Kav LaOved GKEa). Gainera, talde sindikalak beste bilera batzuk izan zituen Mamoun Abushahla Lan ministro palestinarrarekin eta Tomas Niklassonekin (Jerusalemen EBkduen ordezkariaren albokoa).

Harreman hauetan berriro egiaztatu da Israelen okupazioak palestinarren bizimoduan ondorio latzak eragiten dituela, besteak beste honako hauek: ekonomia itota daukate, (Israelekiko eta nazioarteko laguntzarekiko erabat menpekoa baita); baliabide naturalak (esaterako ura), bereganatu dituzte; gasa eta argindarra Israelen kontrolpean dago; eta palestinarrek ez daukate askatasunik beren lurrean zehar ibiltzeko, check-point, harresi eta kontrol militarren ondorioz.

Bestalde, lan baldintzak negargarriak dira: legez kanpoko kolonietan ia esklabu gisa ari dira lanean; Israelen bertan diskriminatu eta esplotatu egiten dituzte; lanorduak amaigabeak dira (goizeko ordubietan jaiki behar dute lantokietara garaiz iristeko, orduak behar baitira check-pointak igarotzeko), soldata oso kaskarrak, laneko istripu tasa izugarria, etab.

Horiek, Palestinako langile-klaseak pairatzen duen etengabeko biolentziaren adibide batzuk baino ez dira. Orain gure ardura da han bizi izandakoaren berri ematea, eta israeldar gobernuaren jokabidea zein nazioarteko komunitatearen konplizitate lotsagarria salatzea. Herri palestinarrarekiko elkartasuna berretsi egiten dugu; bat gatoz bere aldarrikapenekin: kendu dioten lurra eta urratzen zaizkion eskubideak berreskuratzea eta bere etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea, hots, autodeterminazio eskubidea.